Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Ibai errotak

Morgako errota hau Abauntzako gunetik oso gertu dago, Zorrotzondoko aurkintzan hain zuzen ere.

1759an aipatu egiten da Fruizko diruduna Juan Fruiz-Etxebarria Lotinak -beste batzuren artean bere izen bereko burdinola eta erroten jabea, eta Zorrotzondoko errotaren jabea ere bazena- Zorrotzondoko errotako errotariaren aurka, Joseph Oxinagaren aurka, salaketa jarri zuelako, errentak ez ordaintzeagatik. Era berean, Korrejidoreari eta Kantzelaritzari apelazio ugari jarri eta gero, bere administratzailea zen Joseph Antonio Eloduyk nahita gaizki kobratu zuela eta kobratutakoa beretzat hartu zuela frogatuta geratu zen.

1764ra arte udal-jabegokoa izan zen. Orduz geroztik, Bidaurreta etxeekin eta Erremedioen Andra Mariko ermitarekin batera Morgako Kabildoaren eskuetara igaro zen, Andra Mariko ermitan mezak ospatzeko beharrezko zen apaizaren gastuak ordaindu ahal izateko.

Auzotar batzuen arabera XX. mendearen azken hereneraino martxan aritu zen.

Zorrotzondo
Zorrotzondo errota (Morga).

Gaur egun, eraikina, zeharo hondatuta dago, aurreko fatxadako egitura zutik badirau ere. Altuera bi eta ganbara duen etxebizitza biko eraikina da. Haritzezko hagekin egindako egitura du. Albotik, eraikin ugari gehitu zaizkio. Ezkerraldetik aurreko fatxadak jarraitzen du, bai eta isurialde biko teilatuak ere. Horietako eraikin batek tejabana zuen eta aurrealdea baino apur bat irtenago zegoen. Bertan, errotarri-pare bakarra eta instalakuntza guztia zegoen. Gaur egun, ordea, euren kokapena baino ez dago. Etxeari itsatsitako gehigarri horren aldamenean, errotaren ohiko inbutu-formako antepara eta zabalera nahikotxoko ubidearen ibilbidearekin bat egiten duen angelu zuzeneko sarbidea kokatzen dira. Uraren irtengunea atariaren aldamenean kokaturiko tejabana txiki batek erakusten zuen eta harlanduzko dobeladun puntuerdiko arkua –arku hauen egitura harrizkoa izan ohi da- estaltzen zuen. Ura baserriaren aurrealdetik irteten zen, belardia osoa gurutzatu eta errekarekin bat egin arte. Horrek, gaur egun, dena urez beteta egotea ekarri du.

Inguru horretan bat egiten duten hainbat erreken urak erabiltzen zituen.

Norberaren jabegokoa denez ezin sar daiteke barnera.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.