Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra

Gernika-Lumotik Hiribilduraino heltzen zen bidea jagoteko funtsezko lekua zen; gotorlekuaren hondakinak Zarragoiti (Zarragoitxi bertako hizkeran) mendi tontorrean daude. Alkazarraren eta herri zaharraren artean Sollube eta Almikatik datorren eta Artza badiara doan erreka dago. Gaur egun, mendiaren magala etxeaz josita dago eta iparraldeko maldan, gazteluaren barrutian, baratzeak eta zelaiak daude. Gainontzeko malda guztiak eta tontorra baso eta sasiak hartuta dauzka.

Zarragoitxiko alkazarraren harresi-zatiak baino ez dira iksuten gaur egun.
Zarragoitxiko alkazarraren harresi
-zatiak baino ez dira iksuten gaur egun.

Elementu honi buruzko agiri- eta arkeologi-testigantzak gordetzen dira. Agirion esanetan XIV. gizaldi aurretikoa izan zen, gizaldi honen erdialderako errautsita edo erabili barik zegoen-eta. Aipatu den agiria 1353koa da eta bertan On Tellok Hiribilduko harresi eraikinerako alkazarreko harria dohaintzan eman zuela aipatzen da.

Alkazarra, beraz, sarbide erraza ez zuen tokian dago, mendi-mazela aldapatsuen goialdean eta amildegia duela hegoaldetik, Gaztelugatxen gertatzen zen moduan, defentsarako instalazio handirik edo hobi beharrik ez zegoela adierazten zuen. Hegoaldeko maldan ez zen harresirik eraiki. Arkeologi-aztarnen bakarrak landaretzak estali dituen harresi txiki batzuk dira. Harresiok alde bakoitzeko hamar metro baino gehiagoko oinplano errektangeluarra du.

Ikertzaile batzuk harrizko murru txikiak aipatzen dituzte. 1958an Javier Ibarra Bergek zioen “Lurrari eustekoak bezalako harresiak daude” eta 1928an Anjel Zabala Otzamiz-Tremoiaren aburuz "Bermeon ageri diren hondakinak, lurrari eusteko harresiak, adibidez, akaso, orduko aztarna zaharrak izango dira (...)."

Tontorrean ez da hormarik nabari. Gainaldea basoz eta sasiz estalirik dago eta horrek zaildu egiten du ezer ikustea. Hala ere toki batzuetan bertako harria antzematen da. Iparraldera eta mendebaldera perimetroa izan daitekeen pendizak eta sakonuneak ere nabari dira.

Muinoaren iparraldean, Zarragoiti kaleko azken etxeen atzealdean, mendi maldari eusten dion ia ehun metro luzeko murrua dago. Hori gazteluari zegokion harresia da eta behealdeko itxitura izango zen, ipar-mendebaldekoa alegia. Zati batean baino gehiagotan zaharra ordezkatuz porlanezko murru berri bat egin dute. Luzera osoan harresiari jositako dorre trinkoak daude, batzuk prismatikoak eta besteak zilindrikoak, txandan-txandan. Gutxienez sei dira dorreak, baina huntza gailendu den baratzeetan bakarren bat gehiago egon daiteke. Mendebaldeko ertzean ere, azken dorretik haratago, sasiak ikusten dira eta baliteke horiek zerbait ezkutatzea.

Mendiaren hego-ekialdean, Kurtzio baseliza dago. Auzo horren gainean, harresi gehiago ikusten dira, baina ez dirudi gazteluari zegozkionak direnik. Azterketa arkeologikoak beharko lirateke hori baieztatzeko.

Zabala Otzamiz–Tremoiaren ustetan, Bermeoko alkazarra ez legoke gune horretan Hiribildu erdialdean baino, gotorlekua erauzi ostean Bañoseko Kontearen Jauregia jaso zen orubean.

Iparraldeko harresia. Dorre baten xehetasuna
Iparraldeko harresia. Dorre baten
xehetasuna.

Harresiok, harriaren gorpuzkera gailenduz, ahozko ohituraren aurrean auzokideen idatzizko eskubide ikur modura jaso ziren. Hala eta guzti, ezin dugu ahaztu zuen defentsa eta armada ezaugarriak. Bermeora etorrita, harresia eraiki ahal izateko Erregetza Albala 1334n jaso zen, bandokideen arteko liskar-ekintzak ugaltzearekin batera alegia. Alfonso XI.a erregearen Albala honek Hiribilduko Prebostetzak harresia eraikitzeko bost urtetan 2000 marai emateko dohaintza ezarri zutenean. Harresi eraikinak hamarkadetako lana eskatu zuen, 1353an bertan harresi lanak amaitzeko On Tello konteak alkazar zaharreko harriaren dohaitza egin zuen-eta.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.