Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Organoak

Atal zabal baten bitartez arte-estilo nagusiek bolumen handieneko eraikin erlijiosoetan (elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak) izandako eragina aztertu dugu. Orain, elizatan inoiz falta ezin daitekeen elementu batekin arituko gara, organoak hain zuzen ere. Airezko musika-tresna honek soinu-efektu handienak sor ditzake eta, horregatik, arrazoi guztiarekin gainera, Mozartek “tresnen errege” deitu zuen. Alexandrian, K.a.-tik III. mendean asmatu zen eta K.o.-ko II. mendean, organoa, Erromako musika-tresna nagusienen artean sartzen zen. Erromako entretenimendu-mota guztietan (antzerkian, jokoetan, gladiadoreen arteko borroketan, zirkuan eta otorduetan) entzun zitekeen. Gure ingururik gertuenari, hots, Busturialderi erreparatuz, garrantzi kultural eta historiko handiko organo-bilduma aurki daitekeela esan beharra dago. Tresna hauek, gainera, herritarrek zaindu eta baloratu behar dituztenez, atal honen helburu nagusiena ondare honen ezaugarriak eta kultura hedatzeko duen garrantzia ezagutzera ematea da.

Organo moduan ezagunak diren musika-tresnei zuzendutako atal honek bi zati desberdin izango ditu. Lehendabizikoan historia apur bat egingo dugu. Ulermena errazteko hiru azpiataletan banatuta egongo da: lehenengoa, hasierako organoak; bigarrena, organo iberiarra eta, hirugarrena, organo erromantikoa. Hiruretan ardatz nagusia Busturialdeko organoak izango dira. Ondoren, bigarren momentuan, Busturialdeko organorik aipagarrienak sakonkiago aztertzeari ekingo diogu.

1. Hasierako organoak

Hodien bidezko organo modernoaren aitzindari zuzena “hydraulis” organoa da. Honetan urak garrantzi handia du. Ctesibio deitutako Alexandriako injineru batek, “organoaren aitatzat” hartzen dena, asmatu zuen.

Busturiko Axpeko Andra Mari elizako organoa
Busturiko Axpeko Andra Mari
elizako organo hau, antza
denez, Gautegiz Arteagako
elizatik ekarritakoa. 1765ean
Lorenzo Arrazolak eraikitakoa
da. XVIII. mendeko hauspoak
ditu.

Baina ura ez da soinuak sortzen dituena “hydraulis” organoan; aitzitik, urak airean eragiten duen presioa da. Soinua brontzezko zenbait hodiren zehar sortzen da. Hodiok, garaiko Pan-erako txirulen arabera graduatuta zeuden; izan ere, “hydraulis”-a deskribatzen zenean eskuekin jotzen zen txirula zela esaten zen. Sortu zenean hodi-ilara bakarrez osatuta bazegoen ere, denborarekin gehiago gehitzen (sei, zazpi edo baita zortzi ere) joan zitzaizkion (K.o.-ko III. mendea). Esaten zenez urezko organoak ateratzen zuen soinua hain handia zen organoa jotzen zutenek belarriak estali behar zituztela. Baina ura erabiltzeak bazuen eragozpen handia; izan ere, ura hartzen duen ontzia ez herdoiltzeko etengabe eta zehaztasun handiz mantenimendua egin behar izaten zitzaionez, denborarekin, hauspoen eta aire konprimituz bultzatzen zuen aire-ganbarak ordezkatu zuen.

X. mendean eta Bizantzio bitartez organoa Europan birsartu zen. X eta XIII mendeen artean ia erabilpen erlijiosoa bakarrik duen tresna bakarrenetarikotzat hartu zen.

Denbora eta mendeak aurrera egin ahala bere mekanismoan eraldaketak egin eta elementu berriak sartzen joan zitzaizkion; besteak beste, atzamarretarako teklatua, oinetarako teklatua, aldakariak (tekla beltzak) eta soinu-aukerak (hodi-kopurua eta tinbre-aldaerak).

Hainbat mendetan elizatan organo txiki samarrak izaten ziren eta XV. mendean eraikitzen ziren tenpluetan organoak bere biziko garrantzia zuen, tenpluaren beste atal bat gehiago izateraino.

San Bixente MArtir (Muxika)
1760an eraikitako organoa, iberiar estilokoa,
1811n Mundakara eraman zuten. 1917 aldera,
Muxikako San Bixente Martir parrokian
kokatu zuten. Gaur egun, bere kontserbazio-
egoera kaxkarragatik mutu dago.

2. Organo iberiarra

K.a.-tik III. mendean sortu zenetik eboluzio luzea izan du. XVI. menderako konfigurazio gutxi gorabehera uniformeagoa dauka eta mende honetatik aurrera Europako eskualde desberdinek tresna eta berezitasunak garatzen joango dira eta, horren emaitza, oso ondo bereizten diren eskolak sortzea izango da. Baina Europako eskola guztietatik garapen espezifikoagoa eta bereizgarriena izango duena eskola iberiarra izango da. Horregatik, tresna-mota honek oso ezaugarri bereziak izango ditu.

Horrela, organo iberiarrak, hispaniarrak edo deitu nahi zaion moduan (Portugalen eta Luso eta Hispanoamerikako herrialdeetan eraiki zirenak ere talde berean sartzen dira) Inperioaren garaian (XVI.etik XIX.era arte) koka daitezke.

Jatorri komuna badute ere eta batez ere organo flamenkoaren eraginetik eratorritakoa bada ere oso laster zenbait desberdintasun agertuko dituzte, gehienbat artisau organo-egileak inportatzen hasiko direlako. Horrela, erreinu desberdinen arteko harreman politikoengatik, Gaztela edo Iberiar penintsulako mendebaldeko organoek Frantziako organo-egileen lanen eragina izango dute eta, ostera, ekialdean, Alemaniako organo-egileen eragina erakutsiko dute.

Baina organo iberikoaren berezitasunak zein diren ikus ditzagun.

Hodien neurria edo doinua arratan neurtzen da, Iberiako erreinu desberdinen ohiko neurri-unitatea zelako. Arra eta kanaren laurdena berdinak dira, eta neurri-unitate desberdinak (pisua, bolumena, moneta, etabar) erreinu batetik bestera aldatzen ziren modu berean arra ere desberdina da erreinu bakoitzean. Kaleko hizkeran arra zeritzon kanaren laurdena zelako. Penintsulako erreinu desberdinetan arra, gutxi gorabehera, 21 cm zen.

Iberikoaren baitan sartutako organoak hainbat herrialdeen (Espainia, Portugal, Kuba, Puerto Rico, Mexiko, Peru, Panama, Uruguai, Paraguai, Venezuela, Brasil, Filipinak, etabarren) eragina dutenak taldekatzen direla berriro esatea oso garrantzitsua da.

Organo iberikoaren beste berezitasun bat haizearen erabilpena da, organo-egileei hainbat buruhauste sortzen ziena, aire-bolumen eta aire-presio egonkorrak izatea oso zaila egiten baitzitzaien. Edozein kasutan ere, organoek bitik seira bitarteko ziri-erako hauspoak erabiltzen zituzten XIX. mendea ondo sartuta egon zen arte eta sortzen duten airea Europako eskolekin alderatuta pixkanaka eta presio txikian sartzen da. 50 eta 70 mm artean penintsulan eta 70 mm baino gehiago Europako gainontzean.

Kutxa Helburu funtzionalak eta estetikoak dituzten euste-egiturak.
Kontsola Musika jotzeko organistak erabiltzen dituen tekla guztiak dituen egitura. Organoaren kutxan sartuta edota kanpoan altzari independentean egon daiteke. Ondoko atalak ditu:
* Teklatuak: Batetik edo bitik (ohikoena) eta sei teklatu artera izan ditzake. Eskuekin jotzen dira. 42 eta 61 nota artean izan ditzake.
* Oinekoa: Oinekin jotzen den teklatua. Estiloaren edo eraikuntza-herrialdearen arabera morfologia desberdina izan dezake. 8 eta 32 nota artean izan ditzake.
* Erregistroak: sortu gura den soinua edo tinbrea hautatzen dituzten heldulekuak edo palankak; beste era batera esanda, organoak dituen tresna desberdinak.
Hoditeria Soinua sortzen duten luzera, tamaina edo material desberdineko hodien edo tutuen taldea.
Sekretua Egurrezko kutxa gotorra, gainjarritako balbula-sistema duena eta hauek haizea hodietara zeharkatzen uzten dute.
Hauspoak Organoak funtziona dezan beharrezkoa zaioan haizea sortzen duen tresna, eskuz zein motor elektrikoz aritu daitezke.

1. taula: Organoaren funtzionamendua. Bideo honek era “tradizionalean” eraikitako organoaren funtzionamendua azaltzen du. “Urdaibaiko Organoak Joxe Mari Egileor” nazioarteko organoen jaialdirako prestatutako bideo hau jaialdiko kontzertuen aurretik proiektatu ohi da, bertaratutako pertsonek ondoren entzungo den musika hobe gozatu dezaten. Egileak Benantzi Bilbao eta José María Berenguer dira.


Mundakako Andra Maria elizako organo hau XIX. mendeko ohiko organoa da.

Organo iberiarraren beste ezaugarri bat teklatua baxuetan eta tipletan banatuta egotea da. Honek esan nahi du erregistroak teklatuaren edo teklatuen eskumara edo ezkerrera ordenatuta daudela. Horrela, ezkerrekoen soinua notarik grabeenetatik erdiko Do-raino jotzen duten bitartean eskuinekoak erdiko Do sostenitutik notarik zorrotzeraino doala. Ondorioz, tresna-mota honetarako literatura historikoa gaur egun MUNDU OSOAN BAKARRA DA.

Baina anaia Jose Etxebarriaren eta bere eskolan sortutako organo-egile dinastia luzearen eraginez organo iberikoak ezaugarri bereizgarrienak izango ditu. Bere abizena hainbat organoetan adierazita dago: Bilbao, Alcalá de Henares, Santo Domingo de la Calzada, Tolosa, Palencia, Toledo, El Escorial, Salamanca, Ciudad Rodrigo, etabar. Agiri ugariren artean abizena era desberdinetan idatzita ikus dezakegu: Chavarría, chevarría, etxabarria… Abizenok pertsona desberdinenak dira. Anaia Jose, Jose (iloba), Domingo, Ventura, Antonio, etabar edo Liborna Etxebarriatarrak Pedrorekin (aita eta semea) eta Joserekin; azkenengo hauek, XVIII. mende osoan zehar Erregearen organo-joleak izatera heldu ziren.

Inolako zalantzarik gabe denetatik garrantzitsuena anai Jose izan zen, bera izan zelako alderdi desberdin gehiago asmatu eta garatu zituena, geroago organo-egile iberiar guztiek zabalduko eta erabiliko zituztenak.

Pertsona honen inguruan oso gutxi badakigu ere, badakigu bere lehendabiziko lana 1655ean Lugoko Mondoñedoko katedralean egindakoa dela. Apur bat beranduago, Bilboko Santiagoko elizako organoa eraiki zuen. Organo-egileen leinu honek XVIII. mendean eta mundu osoan bakarra izango zen estiloan eraikitako organoekin beteta utzi zuten Iberiar penintsula.

Andre Maria eliza
Roqués Anaiek egindakoa izan daitekeen
organo hau Pedro Antonio Ortuzaren
ardurapean 1872an eraiki zen. Hauspoen
bidez sortzen du soinua eta beraz ez du
motorrik. XIX. mendeko hauspoak ditu, XVIII.
mendekoekin alderatuta desberdinak dira,
nahiz eta 1800eko estiloko organoa den.

1665ean anaia Jose Gasteizeko San Frantzisko komenturako organoa eraiki zuen. Oso asmakizun polita kokatu zuen. Asmakizuna honetan datza: klarinaren hodiak kutxa hermetikoan sartu zituen eta organo-joleak egitura honen goiko estalkia nahierara ireki edo itxi egin zezakeen, oinaren parean zuen palanka txikiari eraginez. Erregistro honek Oihartzunen Klarina izena hartu zuen. Zenbait urte beranduago, Tolosako Andra Marin, oihartzunetan txirula eta korneta ere jarri zituen. Bitxia bada ere, asmakizun hau denbora luzez Ingalaterrako eskolarena zela esan bada ere, jakin badakigu Abraham Jordan ingelesa, organo-jolea izatearekin batera, Jerezko ardo inportatzailea ere bazenez Espainian kontaktuak zituela eta modu horretara anaia Jose oihartzunen kutxa ezagutu zuela. Beraz, ezagututako hori, beranduago, Swell organo ingelesa sortzeko erabili zuen.

Etxebarriaren dizipuluek eta ilobek oihartzunen kutxari behin betiko forma eman zioten. Banaketa independentea egin zuten eta horrela teklatu osoa sortu zuten, beranduago oihartzun-organoa izango zena. Oihartzunen kutxarik antzinakoenak (1659. ingurukoak) neurri txikikoak ziren. Bi edo hiru tiple-erregistro zuten eta organo nagusiaren sekretuaren gainetik geratzen zen sekretu txiki batean kokatuta zeuden. Busturiko Axpeko Andra Mariko elizako organoa era horretakoa da. Beraz, organo iberikoak teklatu bat edo bi zituen. Lehen teklatuak oihartzun-organoan edo Kaderetan (edo bietan) eragiten zuen eta, bigarrenak, organo nagusian.

Oihartzun-kutxak historian lehenengoz “crescendo” edo “diminuendo” efektuak, hots, suspentsioak, oihartzuna eta kontra-oihartzunarekin batera, sor zitzakeen. Efektu hauek sortzeko oinekin palanka bat eragiten zen.

Baina organo barroko iberikoaren oihartzun-kutxa baino eraikuntza- eta apainketa-ezaugarririk nabarmenena kutxaren kanpo-aldean horizontalean kokatutako mihiteria da. Honen adibideak Busturiko Axpeko Andra Mariko eta Muxikako Ugarteko San Bixente elizetako organoak dira.

Lois Jambouren arabera (Evolución del órgano español. S. XVI-XVIII. Oviedo, 1998 ) “se debe al genio de los organeros de la tierra y no a una adaptación ingeniosa o talentosa de técnicas que por doquier se imponían al instrumento”. Kokapen berezi hau ez da Europako gainontzeko herrialdetako organoen garapenean ageri eta tresna-mota guztietan, handienetatik txikienetara, ikus daiteke. Asmakizun hau, XIX. mendetik aurrera Europako osoan erabiltzen hasi zen.

Andre Maria eliza
E. F. Walcker&Cíe-k 1889an
eraikitako organoa da. 1962
aldera, O.E.S.A.-k jatorrizko
kontsola elektrikoagatik
ordezkatu zuen. 1994an
Pellerín&&Uys-ek (Poyartín-
Frantzia) organoa erabat
eraldatuko du, hoditeria eta
kutxa berrerabiliz.

Garapenak ondo bereizitako bi etapa ditu: batean, 1590 aldera, erregalia-erako erregistroak, hots, pabilioi laburrekoak, fatxadara ateratzen dira eta, bestean, 1660 aldera, pabilioi luzekoak ere atera egiten dira.

Gaztelan ohikoa den dultzaina ez da Herrialde Katalanetan ageri. Arrasateko eta Tolosako organoen kontratuetan (1677–1683), anai Jose Etxebarria berriz ere informazio zehatza emango digu:

“Mas otro juego o diferencia de dulzainas las cuales se ponen en la fachada del órgano dispuestas en el canto del secreto principal en forma de artillería.

Otro sí sería de mucho lucimiento el que se pusiese el medio registro alto de clarines. Diferencia que en ningún órgano se ha executado, salvo en el órgano de que ahora he fabricado en el convento de San Diego de Alcalá de Henares y por ser tan relevante causará más novedad aunque dificultosa en la execución por lo extraordinario de dicha mixtura y su composición. Y para esta diferencia lleva por sí su tablón con sus conducciones el cual tablón sirve de secreto para dichos clarines, los cuales se ponen en la cornisa principal en forma de tiros que hermosean toda la fachada del órgano”.

Apur bat beranduago anaia Josek oihartzun-kutxan klarina kokatu zuen eta horrela asmakizun horren garapen ezberdinak agertzen joan ziren; modu honetara, fatxadan, artilleria-erara, mihi aukera guztiak baxu txiki eta tipletan 26 arra dituen tronpa magnara heldu arte kokatzen joango dira. XVIII. mendearen hasieran Jose Mañeruk baxuetarako klarina hamabostaldian edo txirimia artillerian edo batailan kokatu zituen. Organo iberiarrarena propioa eta bakarra den “Mihiteri Betea” hemendik dator.

Organo Nagusia edo Organo Handia Teklatu-mota hau aipatzen denean tinbre-mota erabat desberdineko jokoak bildutako tresnaren teklatu nagusia kontuan hartuta egiten da eta Kadereta edo Positiboaren aurkakoa da.
Kadereta edo Positiboa Organistaren atzealdean kokatuta egon ohi da eta gehienetan Organo Nagusiaren jokoak baino tamaina txikiagokoak ditu.
Espresiboa edo errezitatiboa Organo Nagusian eta Positiboan agertzen diren jokoen izaerarekin alderatuta desberdina da eta bere estetika “erromantikoa” da. Pertsiana, duen kutxan itxita jartzeko ohitura dago. Organistak, nahierara ireki eta itxi egiten ditu adierazpen-oinekoa sakatuz eta, horrela, bolumenaren goranzko eta beheranzko inflexioak egitea lortzen du.

2. taula: Teklatu-motak. Teklatu-mota bakoitzaren izena bere ezaugarrien araberakoa izango da. Normalean, teklatuak Organo Nagusiari egokitu eta oinekoari eransten zaio. Honen helburua beste teklatuetako jokoei aldi berean soinua ateratzea da. Hori dela eta, organoa, batik bat tresna polifonikoa da.

Hauetako asmakizun ugarik ere organo hauei berezitasun propioa eman zioten hainbat eranskin izan zituzten. Horrela, organo ugaritan, erregistro “berri” hauek belaunetakoen edo zapaten bidez eragin zitezkeen, Europako gainontzeko organoetan ez dagoena. Honen adibidea Busturiko Axpeko Andra Mariko elizako organoa da.

Anaia Joseren beste asmakizun bat teklako hiru hodiko gainzinbala da. Alcalá de Henareseko organoan kokatuta dago. Gainera, beste ilara bat hirugarrenean edo inperfektuan kokatuta zuen. Eta inperfekzio hori honela justifikatzen zuen: hirugarrenak zortzigarrenarekin eta bosgarrenarekin talka egiten duelako, eta normalean 24., 31. edo 34. erakoen antzera agertzen direlako.

Apainketa-erregistroak ere “Jolas Alaitsuen” taldean sartzen ditu anaia Josek eta era honetako soinuak aurki daitezke: kaskabiloak, kanpaiak, karnabak, txoritxoak, gaita, atabala.

Horren aldeko agirik ez badago ere, anaia Jose Eizaga Etxebarria badirudi Eibarren, Gipuzkoan, 1647. urtera aldera, jaio zela, nahiz eta beste zenbait iturrik Laudioko semea (Araba) zela dioten. Edozein kasutan ere, zehaztasun osoz noiz eta non jaio zen ez dakigun arren, non eta noiz hil zen zehaztasun osoz badakigu:

Palentziako San Frantziskoko komentuko ohar nekrologikoa:

“en 10 de mayo, a las dos de la noche del año 91, se llevó Nuestro Señor para Sí al padre Fray Joseph de Echevarría, en el convento de San Francisco de esta ciudad; está enterrado en su capilla Mayor. Requiescat in pace”.

Organoak penintsulan duen kokapenari dagokionez esan dezakegu ondoko kokapena duela: alde batean, koroaren aldamenean eta ez oso leku altuan. Ez dago hori justifikatzen duen legerik ez eta arkitektura-agindurik ere.

Iberikoen beste ezaugarri bat Dos Hazes erako fatxada edo Fatxada Bikoitza da, garrantzi apur bat duten katedral edo eliza handien organoetan oso ohikoa dena eta, bestalde, Europako gainontzean ia betetzen ez dena, Italiako, Ingalaterrako edota Herbehereetako kasuren baten edo bestean izan ezik. Ehunka adibide aipa daitezke: Burgos, Malaga, Toledo, Granada, Sevilla, Tuy eta beste hainbat lekutako katedraletako organoak.

Organo iberikoaren teklatuak, hasiera baten behintzat, 38 edo 39 nota zituen eta kasu guztietan eta gaur egunera arte, salbuespenak salbuespen, DO1-etik hasten zen eta hasten da.

1550etik aurrera 42 notako tresnak aurki daitezke. Tomas de Santa Mariak (Arte de Tañer Fantasía, 1565) eta anaia Juan Bermudok (Declaración de instrumentos musicales, 1555) beren tratatuetan aipatzen dituzte. XVII. mendearen hasieratik 45 notako teklatuak, beti ere zortzigarren laburrarekin, agertzen hasiko dira. Francisco Correa Arauxo Sevillako organista eta Segoviako katedraleko organista zenak 42 eta 45 notak zituzten teklatuak batera zituen organoa ezagutu zuen. Anaia Pablo Nasarrek “Escuela música” bere lan zehatzean aipatzen duenez arruntenak 42koak dira, baina baieztatzen duenez “Otros hay que por la parte aguda tienen dos teclas blancas y una negra”.

1701 urtera aldera zortzidun erdilaburra edo etzana, batez ere Valentziako erreinuan, agertzen hasten dira. Teklatuek, horrela, 47 edo 48 nota izango dituzte. Nicolas Salanovatik aurrera, bere iloba Mathíasek eta beste batzuk, XVIII. mendearen zati handi baten teklatu hau erabiliko dute. Eta euren senitarteko batek, Fermin Userraldek, lau zortzidun osoak dituen teklatua eraiki zuen. Bestaldetik eta teklatuaren hedadurari dagokionez gertaera anakronikoa gertatuko da, zeren eta Gaztelan eta mendebaldeko ia eremu osoan 1765era arte ere zortzidun laburreko teklatuak eraikitzen diren bitartean, Salanova eskolakoek (ekialde iberikoan) eraikitakoek, 1700 urterako jadanik, zortzidun etzana dute. Apur bat beranduago, eta Salanova-Userralde zortzidun erdilaburra erabiltzen jarraitzen duten bitartean, Julian Laorden zortzidun osoa erabiltzen du eta, aurrekoagatik hain zuzen ere, 1771ko organoa eraikitzeko kontratua lehenengoek galdu zuten eta Laordenek irabazi.

Andre Maria eliza
1884an Aquilino Amezuak
eraikitako organoa. Oso tresna
bitxia duen soinu-konfigurazioa
dela eta. Izan ere, elizaren
koroan espazio txikia dagoenez
organo-jolearen eskuetan dago.
Gainera, fatxadan, “Flauta
Baska” (Euskal Txirula)
deitutako artilleria-erako
erregistroa du.

Horrela, mende baten zehar, hau da, 1791tik 1880ra bitartean, nota gehiago gehitzen joango dira. Eta azkenean, organo erromantikoen asmamenarekin eta asimilazioarekin 56 notako teklatuak egingo dira, nahiz eta, bitartean, Toledoko katedralean dagoen Jose Verdalongaren tresna azpimarragarriak bezalakoak agertzen hasiko diren.

Espainiako organoaren beste ezaugarri bat sekretu txikien, kanaldun oholen eta hobien ugaritasuna da. Litekeena da kaperaren baten edo sarri askotan meharrak diren lekuetan egoteagatik izatea.

3. Organo erromantikoa

Organo erromantikoaren garapena, batez ere, organo klasiko frantsesarenetik gertatzen da. Tresna-mota honek organo iberikoaren alderatuta desberdintasun nabarmenak ditu, nahiz eta aurrekoaren eraginak ere erakutsiko dituen.

Frantziako organo barrokoek bi teklatu edo gehiago dituzte eta euren erregistroak osoak dira. Entonazio-neurria zein neurria, Europako beste lekuetan bezala, iberikoan izan ezik, oina da.

Horrela bada, organo frantsesa oinarritzat hartuta, XIX. mendean zehar, garrantzizko eraldaketak gertatzen dira, zeren eta gizakiak teknologia ugari asmatuko du, batez ere iraultza industrialaren ostean asmatutakoei esker. Ideia nagusiak, “a posteriori” munduko organo-egilerik onenetarikotzat hartuko den Aristide Cavaillé-Coll organo-egilearenak izango dira.

Organo berria orkestra erromantikoaren lekua hartu nahiko du eta, organo barrokoa edo klasikoa koloreen kontrastean oinarrituta badago, organo erromantikoak homogeneotasuna eta organo osoaren kontzeptua bilatu gura du. Horrela, gizateriaren historiaren lehen aldiz organoak erregistro osoak har zitzakeen, baita tamaina handiko tresnena ere.

Muxikako San Bixente Martir elizan kokatutako XIX. mendeko hauspoak
Irudian, Muxikako San Bixente
Martir elizan kokatutako XIX.
mendeko hauspoak. Tresna hau
1915-1917 aldera parrokia
horretara eraman zen.

Bestaldetik, organoa jotzen dugunean, hauspoek konprimitutako haizea irteten uzten duten balbulak ireki eta itxi behar ditugu eta zenbat eta erregistro gehiago erabili hainbat eta haize-kantitate gehiago beharko dugu. Hortaz, balbulak zabaltzea gero eta zailagoa da eta ondorioz teklak gogorrago egongo dira. Arazo hau Aristides Cavaillé-Coll organo-egileak konpondu zuen, Charles Spackman Barker injineru ingelesaren asmakizuna ezagututakoan. Barkeren tramankulu pneumatikoari esker tresnaren erregistro “guztiak” batera, bere tamaina edozein dela, jotzeko aukera ematen du. Teklatuaren eta balbulen artean hauspo txikia duen mekanismoa kokatzean datza sistema. Mekanismo horrek hauspoa zabaltzeko beharrezkoa den indarra egiten du. Era honetara, organo-joleak teklak erraztasun handiz hondora ditzake, nahiz eta organoaren erregistro guztiak batera erabili.

Beranduago, tramankulu hau berriz eraldatu zen eta horren adibidea Lope Alberdik asmatutako tramankulua da. Asmakizun hori hainbat organotan erabili zuen eta horren adibiderik onena Busturialden Mundakako Andra Mariko elizako organoa da. Kasu honetan, sistemak hutsunea sortzen du edo, beste era batera esateko, kutxa baten baitan hauspo txikiak kokatzen dira eta presio handian haizea sartzen zaie. Horrela, organo-joleak tekla bat jotzen duenean haizea irteten uzten du eta horrek hauspoak ixten ditu. Hauspoen itxiera honek balbuletatik tiratzen du.

4. Busturialdeko organoak

Eskualde honetako ia eliza guztietan musika-tresna honen soinuekin goza dezakegu; hala ere, organo guztiek ez dute garrantzi historiko edo musikal berdina. Horregatik, bigarren atal honetan, interesgarrienak jasoko dira.

Busturialden estilo eta garai desberdineko 15 tresna ikus daitezke. Busturiko eta Muxikako udalerrietan estilo iberiarrean eraikitako organoak dituzte, XVIII. mendekoak alegia. Ereñoko San Migel elizako organoa ere bada estilo iberikoan eraikitakoa, baina XIX. mendekoa da. Gainontzeko organoak estilo erromantikokoak dira, Bermeoko Santa Eufemia elizarako 2004an eraikitako organoa izan ezik, Alemaniako barrokoko estiloan eraikitakoa baita.

Andre Maria eliza
1926an eraikitako organo hau bere artapen-
egoera eskasagatik gaur egun mutu dago.
Bestalde, Elantxobeko eta Ereñoko organoek
soinua duten arren, ez dute izan beharko
luketen modukoa.

Organo bakoitzaren deskribapenerako ondoko epigrafeak jarraituko ditugu:

  • + Udalerria: Aztertutako organoa zein udalerritan dagoen adierazten du. Batzuetan, bere kokapena errazte aldera, auzoa ere aipatuko da.
  • + Eraikin erlijiosoaren izena: Organoa hartzen duen eraikin erlijiosoaren izena zein den adieraziko da.
  • + Organo-motak eta euren deskribapena: Bolumen handieneko eraikin erlijiosoetan (elizak eta komentuak) organo bat baino gehiago izaten da. Hauek sailkatuta (Nagusia, Errezitatiboa, Positiboa edo Oinekoa) daude, eta, ondoren, euren zenbait ezaugarri gehituko dira.
  • + Historia: Atal honetan beste zenbait datu sartuko ditugu. Esaterako, noiz eta nork eraikin zuen, noiz eta nork eraberritu zuen... Askotan, epigrafe honen informazioa argazki oinean sartu dugu.

Kontzeptu edo epigrafe hauek beti orden berean agertuko dira.

Busturialden ondoko elizetako organoak azpimarratu nahi ditugu: San Frantziskoko komentua, Santa Eufemia,Andra Mari, hirurak Bermeon; Igokundeko Andra Mari (Mundaka); Axpeko Andra Mari (Busturia); Lumoko San Pedro, Santa Klara Komentua, Mesedetako Komentua, Andra Mari, denak Gernika-Lumon; San Bixente Martiri (Muxika); Santo Tomas (Arratzu); Gorostizako Andra Mari (Nabarniz); San Migel (Ereño); Andra Mari (Gautegiz Arteaga); San Andres (Ibarrangelu), eta Bariko San Nikolas (Elantxobe).

Oro har, musika-tresna hauen egoera nahiko onargarria dela esan daiteke, zeren eta, horietako zenbait, berriki eraberritu egin dira. Edozein kasutan ere, badaude beste zenbait, Gorostizako Andra Mariko elizakoa Nabarnizen edota San Bixente Martir elizakoa Muxikan, esaterako, euren egoera txarragatik soinurik ateratzen ez dutenak; hori dela eta, hauek eraberritzea ezinbestekoa da, organo hauek garrantzi handikoak direlako.

Amaitzeko esan Busturialdeko organoen gainean informazioa gehiago www.kukupraka.org-en dagoela.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.