Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila » Herri-arkitektura » Baserri-etxeak » Bilakaera historikoa » Baserri-etxea XVIII-XIX mendeetan.

Landaluze edo Landaluzeta –garai bateko izen osoa- baserri-etxea, 20 m-ko altuera-kota baino baxuagoan, paduren eragin zuzenetik salbu, dago. Foruako lurretan kokatzen da.

Landaluze, bi etxebizitzako baserri-etxe neoklasikoa da, eta lau aldiz biderkatutako oinarrizko modulu batean errepikapenetik lortutako oinplano angeluzuzena eta simetrikoa du. Horrenbestez zama-horma perimetralen egitura, barneko gurutzearekin osatzen da. Gurutzea, bi logelak bereizten dituen luzeran jarritako mehelinak, eta atzealdeko kortak eta etxebizitza banatzen dituen zeharkako suhesiak osatzen dute.

Baserri-etxeak beheko oina, oin nagusia eta biltegi gisa aprobetxatzen duten teilatupeko oina ditu. Hormen fabrika harri-horma zarpeatukoa bada ere, garbi landutako hare-harlanduak garrantzi handia du kantoietako kate eta baoetan. Arotzeriako egitura zapatadun zutikoz osatuta dago. Zutiko hauek zeharka jarritako frontalak eusten dituzte eta etxebizitza bakoitzean bi habearte definitzen dituzte; alboetako nabeetan berriz, astazaldidun petral-armadura eusten laguntzen dute. Sabai honetako bizkarra erdiko mehelinak eusten du zuzenean.

Fatxada, antolamendu akademikoko irizpide zorrotza jarraituta eratuta dago, bost bao-ardatz bertikal eta hiru erregistro horinzotal ditu. Bao guztiak dintelatuak dira, eta neurriaren ondorioz euren arteko horma sendoaren proportzioa irekiduren argia bainko txikiagoa da. Landaluzek atariperik ez duen arren, frontisaren simetria-ardatza markatzen du, bao termal itsugarria dirudien deskarga-arku bidez errematatutako erdiko sarbidearen bidez; gainean bi leiho-bao aizun daude, hauek ere hormatuak, mehelinaren trenkada egiteko linearekin bat datozelako. Kasu honetan eraikuntza diseinuaren menpe dago, eta maisuak, barruko espazio-banaketarekin bat etorri ezin daitekeen ardatz neoklasiko hau erantsi behar izan zuen.

Landaluze baserri-etxea (Forua)
Landaluze baserri-etxea (Forua).

Bi etxebizitzek partekatutako atalondoa zabala eta argia da; bertatik, bi banatoki-atondotara sartzen da; banatoki hauetan berriz, eskailera-atala, kortara sartzeko eta ortura ateratzeko ateak, sukaldeko atea eta behien askak zaintzeko leihoak daude. Oin nagusian logelak alboetako habeartean daude eta fatxada-zatian balkoidun egongela dago.

Landaluze baserri-etxea XVIII. mendearen lehen erdian eraiki zuten Juan Bautista Elizalde jabe eta merkatari Gernikarrak sustatuta. Elizaldek dirua, Cadiz eta Perukin kolonia-merkataritzan egin zuen. Hala ere, bere ondorengoek 1830. urtearen inguruan baserri-etxe zaharra bota eta gaur egun zutik dirauena eraiki zuten, beti ere korta errentamendu-erregimenean ustiatzeko asmoz. Proiektua akademikoki zuzena izateak eta eraikinaren osaketaren elementu neoklasiko argiek pentsarazten dute baserri-etxea Antonio Etxebarriak, edo garai hartan Gernikako Juntetxea eraikitzen bere laguntzaile ziren maisuetakoren batek eraiki zuela; izan ere, Landaluze, nekazaritza-etxe apala den arren, Juntxearekin antzekotasun handia du.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.