Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila » Herri-arkitektura » Baserri-etxeak » Bilakaera historikoa » Egurrezko eskeletodun baserri-etxea XVII. mendean.

Elorreta baserri-etxea ia bakarrik dago ikuspegi eta paisaia bikaineko tontor baten gainean. Oso kokapen pribilegiatu du, Jainko auzoaren herrigune historikotik oso hurbil. Kokapen horrek aditzera ematen digu gaur egungo etxea eraiki baino lehen ere izango zela inguru horretan giza asentamenturen bat. Etxearen kota tamainakoa da, 190 metroko altitudean baitago, Sollube mendiak itsasoko haize hezetik babesten duela. Fatxada nagusia hego-ekialdera dago orientatuta, egun osoan goza ditzake eguzkiaren argitasuna eta berotasuna eta itsasertzeko haranetako euskal baserrien populatze-sakabanatuaren benetako arketipo da.

Eraikin zaharra da, biografia korapilotsukoa. Kontserbazio-egoera ere ez da ona eta, gainera, ezkutatu samar dago baserri-etxeari historian zehar erantsi izan zaizkion gorputz osagarriak direla eta. Oin angeluzuzena du eta sakonera fatxadaren zabalera baino handiagoa da. Egun bi etxebizitzatan dago banatuta, simetrikoki.

Baserri-etxearen kanpoaldeko egitura harri-hormakoa da eta ikuilua eta etxebizitza bereizten dituen harrizko zeharkako mehelin bat du. Alabaina, sostengu-egitura haritzezko pieza bakarreko pilare handiek osatutakoa da eta horiek eusten diote erdialdeko habeartean kontrapetralak eta tiranteak dituen bi petraleko armadurari. Horrenbestez, esan genezake XVI. mendeko Bizkaiko modelo klasikoari jarraitzen zaion egitura-tipoa duela. Fatxada haize-babes gisa jarduten duten alboetako antek markoztatzen dute eta horiek Bizkaiko itsasertzeko baserri-etxerik zaharrenen ezaugarri bereizleetako bat dira.

Elorreta baserri-etxeak erdialdean du ataripea eta bertatik barneko banaketa-atalondoetara sartu ahal izango gara. Horien bidez lotzen dira elkarrekin sukaldeak eta kortak, baita goiko oinera igotzeko eskailerak ere. Ataripearen gainean egon zen matxinbratutako oholez egindako manpararekin itxitako mandioa. Horren aurri adierazgarri batzuk gorde dira orain arte. Alabaina, goiko oinaren zati hori guztia aldatu egin dute bertan logelak jartzeko. Bizkarraren azpian, pinoi irekiaren atzean, frutak lehortzeko espazio estua eta ganbara daude. Funtzio osagarri bera du, halaber, zurezko balkoiak ia fatxadaren zabalera osoa estaliz erantsi zenak.

Elorreta baserri-etxea (Arrieta)
Elorreta baserri-etxea (Arrieta).

Elorreta baserri-etxeak antzina izan zuen bolumen garbia ezkutatuz joan zen, teilapeak eta alboetako etxolak eranstearen bidez. Horien zeregina etxeetan bizi ziren bi familiei lastoa gordetzeko espazio handiagoa eskaintzea zen, baita asketarako toki gehiago ahalbidetzea ere, korta erdira murriztu zenetik kabitu ezinik zegoen azienda kortaratu ahal izateko. Eraikuntza berri horietako bat, bi oinekoa, hego-mendebaldeko kantoian dago. Iparraldean, aldiz, beste bi etxetxo daude, XIX. mendekoak, hauek ere oso eraikuntza-kalitate txarrekoak.

Elorreta baserri-etxea –Elorrieta izan zuen jatorrizko izena- XVI. mendearen bigarren erdian eraiki zen, garai hartan Bizkaian tradizionalena zen modeloari jarraiki: hiru habearteko pilaredun etxea, erdialdekoa zabalagoa zuena eta berorren aurreko aldean ataripe lasaia zuena. Ez dirudi aldaketa esanguratsurik egin zenik eraikinean XVIII. mendera arte, Elorrieta familiako gizonezko ondorengorik izan ez eta etxean bizi zirenak orubearekin berarekin identifikatzen zituen abizena desagertu zen arte. Mende horren bigarren erdian jabeek zuzeneko ustiapena bertan behera utzi eta baserri-etxea bi maizterren-familiari errentan ematea erabaki zuten. Bi familia horietara egokitzeko egin ziren, hain zuzen ere, obrak. Berritze-lan horien emaitza izan ziren suburu konikoko sukaldea jartzea (hori oraindik gorde da etxebizitzetako batean) eta mandioa logelekin ordezkatzea.

Anten arteko fatxada
Anten arteko fatxada.

XIX. mendean egin ziren baserri-etxea handitzeko lehen lanak eta XX. mendearen hasieran egin ziren balkoia eta atzeko lastategi erantsia. Orain gutxi, berriz, baserri-etxea utzi egin zuten eta ia erortzeko zorian dago.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.