Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila » Herri-arkitektura » Baserri-etxeak » Bilakaera historikoa » Baserri-etxe gotiko-errenazentista

Muxikako Unda auzoan kokatu dago. Harrigarria bada ere, bertan eraikitako baserri-etxe guztiak eraikin handiak eta ondo egindakoak dira. Bertako eraikuntza-kalitatea, euskal baserri-etxeen kalitatearen batez bestekoaren gainetik dago.

Undajauregi, XVI. mendeko lehen belaunaldiko baserri-etxe bizkaitar onenek lortutako altuera handiaren adibide ona da. Historian zehar garrantzi handiko bi eraberritze egin dituzten arren, oraindik hasierako proiektuaren oinarrizko bereizitasunak eta aurrerago erantsitako oso elementu adierazgarriak gordetzen ditu.

Undajauregiko obra arkitekturako profesionalek egin zuten. Hauek, baserri-etxearen oinplano angeluzuzena trazatu zuten. Aldeen neurriak erabakitzeko 4:3 proportzioa erabili zuten egiptoar triangelu zaharraren errezetan oinarrituta. Triangelu hori, hamabi korapiloko sokaren bidez egiten hain erraza zenez, maisu eraikitzaile gotiko asko oso gustukoa zuten. Oina, pareju gotikoko perimetro-horma sendoek definitzen dute, eta bertan duela gutxi izandako sutearen ondorioz frogatu ahal izan den zeharka jarritako suhesi-mehelin sendoak oina bi zatitan banatzen du. Eraikuntza-materialei dagokienean, aurrealdean obra-aldaketa garrantzitsua antzeman da bere erdialdean. Zati hori hareazko harlandu lan onez eginda dago; alboetako gorputzak ordea pobreagoak dira.

Mehelinak, aurrealdeko etxebizitza, eta gainjarritako oinetan korta eta lastategi moduan erabiltzen den atzealdea bereizten ditu. Sutearen ondoren atzealdeko zatia berritu behar izan zuten. Lanon ondorioz, jatorrizko euskarrien egitura osoa galdu zen. Hegoaldeko erdialdean hala ere oraindik, hiru habeartetan antolatutako zurezko egiturazko pieza bakarreko pilareak ikus daitezke; erdiko habeartea, alboetako biak baino zabalagoa da. Era berean, petral eta kontrapetralezko estalki-armadurak tirante ugariri esker zurruntasuna ematen dio.

Undajauregi
Undajauregi baserri-etxea (Unda, Muxika).
1520. urtearen inguruan eraiki zen harrizko
etxe tzar hau. Oraindik orain, garaiko
ezaugarri ziren arku konopial erako lehioak
ditu. Aurreko fatxada osoa egurrezkoa
zitekeen, baina XIX. mendearen hasieran
eraldatu egin zen ukitu neoklasikoa emanez.

Baserri-etxeak bi oin besterik ez ditu. Gaur egun beheko oinean egunean erabiltzen diren gelak eta goiko oinean gauean erabiltzen direnak bereizten diren arren, hasierako planean beste modu batera zeuden antolatuta. Fatxadaren erdian, zutabe batek bereizitako bi arku oso beheratuak dituen ataripea aurkitzen badugu ere, zaharrak frontal-habe handiko ataripea izan behar zuen, alboetako gorputzen planoa baino atzerago egongo zen. Eta egiturako aurrealdeko bi pilareek inguratuko zuten. Ataripearen alboetan gaur egun sukaldea eta biltegia daude, eta atzealdean berriz, kortara sartzeko korridoretik banandutako atondo banatokia dago.

Oin nagusian erdiko zati osoan bigarren sukaldea dago, eta sukalde honen alboetako habearteetan lerrokatuta hiru logela pare. Aurrealdeko bi logelek, arku konopialak dituzten asentuko luxuzko leiho bikoztuak dituzte. Seguru aski kasu honetan ere jatorrizko proiektuan, sukalde altua dagoen tokian, taula matxinbratuko kanpoko itxiturak eta tabikeak zituen aletegi zabala egongo zen; eta honen alboetan berriz nekazaritzako lehortegiak egongo lirateke batez ere, eta beti ere logela-gisa leihoak zituzten gelak erabiltzeko aukera saihestu gabe.

Kanpotik kortara zuzenean sartzeko bi ate zituen; horrenbestez, animaliek kortara etxeko gune nagusitik pasatu gabe sartzen ziren. Bi ojiba-arku handi ziren, atzealdeko eta albo bateko fatxadetan irekita. Bertan egindako azken zaharberritzen ondorioz alboko fatxadako sarrera bakarrik geratu da.

Armarria
Armarria.

Undajauregi beti baserria izan zen. Baserri ona izan arren, bertako jabeak ez ziren lurrak lantzetik eta azienda larria haztetik bakarrik bizi. Oso asentamendu zaharra da. Bere sonaren froga moduan esan daiteke 1406. urteaz geroztik Unda baserriari Durangaldeko merindadeko alkate-ofizioa lotu zitzaiola, Gaztelako Enrique III. erregeak zuzenean eman ondoren.

Gaur egun ezagutzen den eraikina 1525. urtearen inguruan eraiki zen, eta familiaren jatorrizko oinetxea zenez beharrezko arreta guztiak eman zitzaizkion; hala ere une hori heltzerako, bertako zenbait kiderek karrera militar, funtzionario edo merkataritzakoak hasi zituzten, eta baserri-etxean baino Durangon denbora luzeagoz bizi ziren. 1664. urtean, amaldeko maiorazkoaren beste hainbat ondasunekin batera, baserria Pedro Salinas Unda jaunak oinordetzan hartu zuen. Salinas Unda jauna, Vitoria-Gasteizen bizi zen Santiagoko zaldun aberatsa zen arren, bere errenten zati bat, etxeari duintasun handiagoa emango zion eraberritzean inbertitzea erabaki zuen. Eraberritzearen ondorioz zurezko alategia kendu eta fatxadako erdiko horma eraiki zuten. Bertako ataripean harrizko arkuak eta familiaren armarria ezarri zituzten. Une horretatik aurrera, Unda izenari jauregi erantsi bazioten ere, nekazari-errentadunek kudeatutako baserria izaten jarraitu zuen.

Duela hamabost urte baino gutxiago, kortan hasitako sutea eman zen. Berreraikitzearen ondoren, erdialdeko aurrealdea bere horretan utzi bazuten ere, atzealdea erabat aldatuta geratu zen.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.