Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila » Herri-arkitektura » Baserri-etxeak » Bilakaera historikoa » Baserri-etxe gotiko-errenazentista

Mendeletxe edo izen historikoa Mendiritxaga zuen baserri-etxea Busturiako Altamira auzoan dago.

Fundazio zaharreko etxea den arren oso handia da, inguruan beranduago eraiki zituzten etxe gehienak baino handiagoa. Aldi berean, jatorrizko fabrikaren eraikuntza-kalitate hori eta beranduago egin zizkioten etengabeko eraberritzeen kalitate eskasa oso bestelakoak izan dira, batez ere azken mendeetan egindako eraberritzeei dagokienean.

Bi familientzako eraikina da. Lehen bi oinetan garatzen den arren teilatupeko oinaren espazio garbian eragiten ez duen mehelinak banatzen ditu luzeran. Oinplano angeluzuzena du zeharkako bost habeartetan antolatuta. Habearte horietatik hiru lehenak etxebizitza moduan erabilzen dituzte, eta beste biak korta eta lastategi bezala. Proportzioa esanguratsua da, izan ere, ez da abeltzaintzako azienda handiaren aldeko apustua egiten duen ustiapena. Suhesi-horma lodiak, bi etxebizitzetako eremu funtzional handiak argi eta garbi bereizten ditu.

Baserri-etxearen alboetako eta atzealdeko hormak uharriz egindako harri-hormez apainduta daude. Alboetako hormak fatxadatik irteten dira eta lehen oin irtena eutsi behar izan zuten, edo gutxienez alboetako bi gorputz beheko oinaren gainean. Elementu horiek galdu ondoren oso itxuraldatuta badago ere, fatxada nagusiko beheko oineko garai gotiko-errenazentistako kare-harrizko harlanduzko laneko aparejua garrantzitsua da; bertan, haritzezko frontala duen ataripe dintelatu sakona ikus daiteke. Aurrealdearen goialdea adreilu luzituz eginda dago, eta bertan lau leiho bakun eta balkoitxo neoklasiko bana (etxebizitza bakoitzeko bat) daude. Balkoi horiek eskailburu gisa, XIX. mendearen hasieran egindako baserri-etxearen lurren neurketa egin izana oroitzen duten inskripzioarekin grabatutako harlauza monolitiko handiak dituzte.

Atzealdeko horman, lastategia kargatzeko ateak daude, eta alboetan kortetarako sarrera bereiziak. Alboetan eta simetrikoki atxikiak, komun moduan erabiltzen dituzten harri-hormaz egindako bi gorputz txiki daude.

Barrualdeko arotzeriako egituran, eraikitzeko bi tradizio diferente daude: enara-mihiztadura zaharreko besoez lagundutako estalkiko armaduraren erdiko petralak eusten dituzten pieza bakarreko pilareen tradizioa; eta alboetako petralak eusten dituzten zutikoen eta astazaldien, edo tirante makurren tradizioa.

Mendeletxe baserri-etxea (Busturia)
Mendeletxe baserri-etxea (Busturia).

Mendeletxe baserri-etxearen hasierako proiektua Juan Mendirichaga kaìtainak sustatu zuen. Proiektuaren arabera, XVI. mendearen bigarren laurdenean eraikitako familia bakarreko baserri-etxe handia da. Garai horretan zama-hormarik edo barne-mehelinik ez zuenez, eusteko lan osoa pilare askez osatutako sareak egiten zuen. XVIII. mendearen hasieratik ordea, baserriaren produkzio-ustiapena, maizter moduan bizi ziren bi nekazari-familiek eramaten zuten. Hala ere ez dirudi bi familia horiek bertan bizitzeko egindako egokitzapen-lanak tabike soila eraikitzea eta ondasunen banaketa baino urrunago heldu zirenik.

Mendeletxe baserri-etxeak gaur egun duen itxura eman zion eraberritzea XIX. mendearen erdialdean egin zen, eta pentsa daiteke baserri-etxearen zati bat suntsitu edo nahigabeko eraisketa eman ondoren egin zela. Une horretan aurrealdeko hegalkinak kendu zituzten eta hauen lekua gaur egungo hormatal liso eta interesik gabekoek hartu zuen. Garai horretan ere estalkia berritu zuten, petral eta hauetarako euskarri berriak erantsiz; mehelina eta suhesia egin zituzten, eta alboetako logeletarako eta lastategirako bao berriak ireki zituzten. XIX. mendearen hasieran komunak atxiki zizkieten, toki administrazioak sustatutako landa-etxebizitzen higienizaziorako planari erantzunez.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.