Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra

Bizkaiko dorretxeak bere forma berezia du; batzuetan, apala da, beste leku batzuetako eraikin erabat militarrekin alderatzen badugu. Gaztelako gaztelu klasikoen handitasuna ez du, beraren betebeharra desberdina izan zelako. Gaztelakoen eginkizuna herri etsaien kontra eraso eta defendatzeko gotorlekuak ziren bitartean, dorretxea, esan dugun legez, Ahaide Nagusien, bando edo leinu buruen etxea zen, eta bere lurralde txikia ondoko bandoarengandik babestea zuen helburu.

Batzuen aburuz, dorretxearen jatorria behintzat, frantsesen antzinako Donjon-arekin eta ingelesen Keep-arekin lotuago legoke Espainiako gazteluarekin baino. Egon zitekeen antzekotasun hori, XIV. mendean, frantses eta ingeles eraikinek behin betiko itxura eta euren berezitasuna den forma zirkularra hartu zutenean erabat desagertu zen. Baina, XI. mendean gutxi gorabehera, egurrezkoak eta angeluzuzenak izan ziren. XII eta XIII mendeetan, berriz, harriz eraikitzen hasiko ziren oinplano karratua mantenduz. Oraintxe aipatu dugun bilakaera hau Bizkaiko dorretxearen kasuan ere gertatu zela pentsa dezakegu.

José Ángel Barrio Loza eta beste batzuren aburuz (Arqueología, Urbanismo y Arquitectura histórica) harriak egurra ordezkatzeko arrazoiak ondoko hiru hauek lirateke. Lehendabizi, baliabide materialetan aberatsago zirenez bandokideek prestigioa bilatu nahi zuten. Komunitate barruan nolabaiteko garrantzia zuten Kapare arruntak izatetik eremu jakineko aktibitate ekonomiko osoaren kontrolatzaileak izatera igaro ziren. Egoera berriak mantsio egokia, noski, harrizkoa, material noble nagusia, izatea eskatzen zuen.

Bigarrenez, gerrako beharrizanak. Artilleria-pieza txikien erabilpena orokortu zirenean egurrezko egitura horiek nekez egin zezaketen aurre. Hirugarrenez, ezin ahantz genezake suaren aurrean ez zutela zer eginik.


Garekadorre dorretxea eraikin kubikoa
da, halanduz eginda dago eta teilatua
lau isurialdekoa da. Horrelakoak dira,
besteak beste, Barrutia, Kanala eta
Munitiz dorretxeak.

Bizkaiko dorretxearen oina gehienetan lau angeluarra edo angeluzuzena (bataz besteko zabalera 10 metrokoa) da, harlanduzko horma lodiak (1 m eta 1,50 m bitarteko lodiera oinarrian) ditu eta harrizko eskantzuak erakusten ditu. Ez dute 18 edo 20 metro baino altuera handiagorik hartzen, nahiz eta gehienak errege-agindu desberdinak direla medio, 10 edo 12 metrora txikitu egin diren. Hutsuneak estuak, eskasak eta garaiak dira. Ate bat edo bi izan dezakete, eta bi dutenen kasuan, bigarrena, solairu nagusiaren altuera berean kokatzen da. Ate honetara, kanpoko harrizko eskaileratik iristen da eta zenbait kasutan urkamendia egon daiteke babesten. Ate bakarrak lapur-zulo garaiaren bidez babestuta daude, irakiten dagoen olioa eta urtutako beruna erasotzaileen buru gainera isurtzeko prest daudelarik beti. Gezilehioak eta hormen bukaera den almenaduna, bere oinezko bidearekin, oso gutxitan falta diren elementuak dira, ertzeetako kuboekin gertatzen den legez.

Dorretxearen babes-egiturarik onena bere hormen lodieran zetzan. Kanpoko eskailera ezaugarririk ohikoena da. Urkamendiarekin edo egurrezko hegalarekin defendatzen zen, hemendik arerioen aurka askatzen baitziren irakiten zeuden likidoak.

Estalkia harlauzadun terraza izan daiteke, zabaltza- zein teilatu-erakoa. Sarrerako bi aukera daude. Ate bakarra izatea (zorrotza eta lapur-zuloz edo hegaletako gezileihoz babestuta) edo beste bat izatea, lehen solairuaren altuera berean kokatzen zena (patin izenekoa) eta kanpoan zegoen harrizko eskaileratik iristen zen. Berau, urkamendiak edo egurrezko hegalak babesten zuen, eta bertotik heziak edo urtutako materia jaurtitzen zen erasotzailearen gainera. Hormetan, saeteren irekigune estuak eta leiho gutxi eta luzeak ikus daitezke. Oso dorre gutxik erakusten dituzte almenak eta kuboak errege-aginduengatik. Hormen gainean, dorretxea defendatzeko jartzen den urkamendia edo egurrezko kanpoko eraikina kokatzeko harrizko irtenguneak, ukondoak, beha daitezke.

Hasierako dorretxeak eraikin erabat militarrak ziren, euren forma betebeharrera egokitu zuten zeharo. Gaur egunerarte heldu diren dorretxeetatik batek ere ez duenez antzinako egitura osoa erakusten bere itxura nolakoa izan zitekeen jakiteko aipamen dokumentalak erabili behar ditugu. Beraz, esan genezake, oso landutako eraikinak ziren, egurrezko hegalekin eta gezilehio asko zuten urkamendiekin. Kuboak eta alamenak bazeuden, nahiz eta kanoi-zulorik egon ez zen suzko armak agertu arte behintzat.

Hiriko dorreak, Ertzilla dorretxearen kasua adibidez, hasiera baten, nekazaritza-gunetakoen ereduak hartu zituen kontuan, hirigunean inolako eragozpenik gabe integratuta geratu zelarik. Zenbait kasutan, ezaugarri propioak erakusten dituzte: sarrera zabalagoak, leiho gehiago...


Ertzilla Dorretxea, hiriko dorretxearen
adibide aproposa.

Hemen aipatu behar dugu dorretxerik garrantzitsuena Arteagakoa izan zitekeela, hegaletan dorre zilindrikoak zituen harrizko hormaz inguratuta zegoelako eta, bere koste handiagatik, Bizkaiko gotorleku handienek bakarrik eraiki zezaketen ereduan oinarritutakoa delako. Gainera, Muxikatarrenak, arma-patio handia zukeen, mutur batean dorrea bera eraikita egongo zelarik. Montalban, gainera, oin pentagonala duen Bizkaiko dorretxe bakarra da.

Dorretxeetan oso elementu apaingarri gutxi ikus daitezke, eta, daudenak, aurreko fatxadan daude. Bertan, familiako armarria dago, eta ateak eta leihoak moldura desberdinez apainduta daude.

Senideen armarria ia dorretxe guztietan (Arteaga, Oka, Muxika...) zegoen kokatuta leku ikusgarrian, orokorrean, ate nagusiaren giltzarriaren gainean, bertan bizi direnen berri emanez. Hareharrian zein kareharrian egindakoa izan zitekeen. Hasieran, tamaina txikikoa zatekeen eta gehigarri berezirik gabe, hasierako armarriak gurutzea edo irudi bakun bakarra zutelako. Denborarekin gero eta gehiago bete zen, dorretxea eraldatzen zihoan neurri berean (dorre handi soila izatetik dorretxe izatera igaro zen) alegia.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.