Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Hilarriak

Kurutzetako Ama Birjina testigantza mutua badugu ere, testu epigrafikorik ezean, ezohiko elokuentzia dariola esan genezake bertako ikonografia sakon aztertu ezkero behintzat. Piezari zehatz behatu ezkero zera ikus liteke, hots, harriaren hiru aldetan landuta dagoen eta ikusi batean arrotza den ikur-multzo konplexu, eta nahaspilatua, ikusi ere. Xeheago aztertuta, beren esangura aztertu eta balizko interesa ebaluatu liteke.

Alde printzipala (p), Ama Birjinaren irudia ei daroana, irregularragoa den eta dekoratuta ez dagoenaren kontrakoa da. Alde printzipal horretan, ikusi batean, lerro sakon eta zabalez landutako giza itxurako soslaia agiri da, buru borobila eta gorputzaren zati obalatua ikus dakiokeena, alegia. Buruaren albo bietan, meharrago landuta, irudiaren buru-oihala edo ilea marratzen duen lerroa ikusten zaio. Sudurra eta begiak hiru ebaki laburrez eginda sumatu litezke.

Baldatikan jarritako bikoizkinaren argazkia
Baldatikan jarritako bikoizkina

Zehatzago behatuta ikus litekeenez, harriaren alde beretsuan, orain artean aipatu ez ditugun beste ebaki batzuk dira agiri. Lerro paraleloek osatzen duten joko bikoitza ditugu ebaki hauek harriaren azalean goitik behera zein albo batetik bestera doazenak, Ama Birjinaren soslaitik at, beheko partean gurutzatzen direlarik, hankaz gora dagoen gurutze erromatarra osatuz. Bat egiten duten unean, oraindik ere bada agiri landutako itxoroskitxoa.

Eskumako aldeak (d) giza-itxurako irudia agertzen du, makur samartua, eta buru borobila zein sorbalda markatuak dauzkan gorputz errektangeluarra ikus dakizkiokeena, agertu ere. Gerora erantsitakoak dirudite landutako beste bi lerro, sorbaldetan hasita besoak irudikatzen dituztenak. Hemen ere, deskribatutako apaingarrien azpitik, bestelako ikonografia ere ikus liteke, giza itxurako irudiarekin zerikusirik ez duena, honen eremutik at dagoena eta denboran arinagotik dena. Berriro ere, oraingoan zaharretara dauden lerro paraleloek osaturiko jokoak ditugu ikusgai, lerro hauek beheko partean egiten dutelarik bat, hain zuzen ere irudi astral zirkularra (tetra-zela) dagoen puntuan.

Ezkerreko aldean (i), honen azalera osoa hartuta, erraz ikus liteke disko-itxurako hilarria, zurtoin eta guzti, ildo sakon eta zabalez eginda. Diskoa, gurutze batek lau zati berdin eginda agertzen da. Oraingoan ere bestelako marrak ikusten dira, lehengoak baino artapen-egoera txarragoan, eta horien artean zeharkako lerro paralelo bikoitza agiri da. Lerro hau goiko eskumako erpinetik abiatuta beheko parteraino luzatzen da, berton nekez suma daitekeen irudi zirkularrarekin bat egin arte.

Ikusi ahal izan dugunez, hilarriaren hiru aldeetan bi eratako ebakiak agertzen dira: bata grabatu lodi eta sakonez eginekoa, okupatzen duten aldeetan zentraturik dauden giza zein disko-itxurako irudiak zabaltzekoa, eta bestea, honen azpitik dagoena, finagoa berau eta hain sakona ez dena, lerro paralelo eta irudi zirkularrez egindako marrazki geometrikoak egiteko pentsatuta dagoena. Hauek, betiere, zerbait falta dutela agiri dira.

Piezan burutu izan den lerro-hurrenkera honek argi erakusten du Kurutzeko Ama Birjinaren hilarria garai eta erabilera bat baino gehiagotik pasatu izan dela. Izan ere, aro nagusi bi bereiz litezke, ebakietan agertzen diren bi aldakinei egokitzen zaizkiena: erdi aro-modernoa eta erromatarra.

Erromatar dekorazioa
Erromatar dekorazioa

Erdi Aroa eta aro modernoa. Grabatu lodi eta sakonez eginiko ebakiak, besteak baino berriagoak direnak, haien gainean eginda baitaude, gaur egunetik Erdi aroraino garamatzan epe luzeari dagozkio. Seguru asko, zaharrena, giza itxura den eskumako aldeko irudia izango da; nahiz eta hilarriari, gurutzeari edota Ama Birjinaren irudiari egun ematen zaion zentzuari zehatzen dagozkienak alde nagusia eta ezkerreko aldea izan, biak ere behe erdi arokoak izaki. Bada herrian kondaira bat irudi hauekin zerikusia duena, Gorritizko Ama Birjinagatik honela dioena: “... Jendearen ustetan Ama Birjinaren irudia hurrean dagoen haitz baten gainean agertu zitzaion handik hur dagoen Gordiz dorretxeko artzain-neskatila bati berau ardiengana doala. Ama Birjina honelaxe mintzatu zitzaion neskatilari: Nora zoaz, neskatila? Ardiak ekartzera noa, ihardetsi zion artzainak. Lotu berton nirekin apur batean, zure ardiak berez etorriko dira eta zu zauden lekura. Ama Birjinak gaztetxoari ileak orrazten zizkion bitartean, ardiak bere ingurura batu ziren denak”. Ama Birjinak artzain-neskatilari zera eskatu zion, hots, leku hartan bertan bere irudia gurtuko zen baseliza eraikitzeko. Antza denez, Gordiz dorretxeko biztanleek baseliza, Ama Birjina agertu zen lekuan egin barik, euren etxe ondoan egitea ebatzi bazuten ere, laster etsi zuten ezen beraiek egunez egiten zuten beharlekua, Ama Birjinak, gauez artzainari agertutako lekura eramaten baitzuen. Azkenean euren ideia damutu zitzaien eta baseliza Ama Birjina agertu zen lekura eraman zuten, leku hori, gaur egun, eraikina desagertuta dagoenean, Kurutzeko Ama Birjinako harriak markatzen duelarik.

Aro erromatarra. Aro honetakoak dira azpitik dauden dekorazioak, ebakiera fin eta arinaz marraztutako lerro paraleloak eta irudi zirkular geometrikoak. Jatorrizko hilarriak ez du osorik iraun, goiko erdia besterik ez dagoela, eta honek argitzen du dekorazioak osorik ez egotea. Pieza honen forma zein ikonografia zehatzago ezagutu gura bada, beronekin antzekotasun handiak erakusten dituzten beste pieza batzuetara jo beharko dugu. Inguruan hauexek dauzkagu: Jainko-ko Andra Marikoa (Arrieta) eta Pareziko Andra Marikoa (Busturia). Hauek ere denak hilarriak ditugu, berauen ikonografia, forma zein dekorazioetan konplexuagoa den multzo epigrafikoaren bane sartu behar delarik, Bizkaian zehar sakabanatutako dagoen multzoa, alegia. Hilarri-multzo honen kronologia K.a. I mendearen akaberatik eta erromatarrak berton egon zireneko lehenengo mendeetara (K.o. I-III mend.) bitarteko epean kokatzen da. Ekoizpen hau erromatarrek harriak lantzeko tekniketan zein euskarriaren esterometrian zeukaten eraginaren mende burutzen da, nahiz eta hortik gora bertokoak diren zenbait elementu apaingarri erakutsi, lurrean sendo errotutako tradizio indigenari darizkionak. Beraz, hilarri hau erromatarren garairako jada landuta egon zen hileta-hilarri indigena baten zatia dugu. Nonbait ere, hurrena den Gernika-Lumoko Kosnoagako irunean dagoen nekropolisetik letorke hau hilarria.

Erdi Aroko dekorazioa
Erdi Aroko dekorazioa

Kurutzeko Ama Birjinako hilarrian batera agertzen diren balio historiko, etnografiko eta erlijiosoak direla eta, hilarri txiki hau, Bizkaian hain berezia eta nabarra den ondasun epigrafikoan monumentu esanguratsuenetakoa dela esan genezake.

Kurutzeko Ama Birjina hilarriaren bikoizkina Foruko Urberuaga auzunean hasi eta Baldatikarantz doan bideari jarraituz, Gordiz baserritik pasatu eta hasierako aldapak gaindituta, kaminoko eskumako aldean dago. Pieza honi, Gorritizko pedaniako baserrietako ingurune tradizional eta espiritualean sakon errotuta izaki, errespetu eta benerazioz egiten zaio men, hilarriari basalora-txortak eskaintzeko usaera dugularik horren frogagarri.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.