Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Zerbitzu eta azpiegitura-arkitektura » Kofradiak

Arrantzaleen lehendabiziko batzarrak leku ugaritan izaten ziren, baina, batez ere, eraikin edo leku erlijiosoen inguruan. Beranduago, Elizak eragina galtzen hasitakoan, batzar horiek aire librean ospatuko dira. Baina gero eta argiago zegoen gremioaren egoitza eraiki behar zela. Bermeo, Mundaka eta Elantxobek helburu horrekin eraikitako eraikinak izan zituzten. Gaur egun, bete behar hori betetzen aritzen den eraikin bakarra Bermeon bakarrik, ikus daiteke.

Euskal Herriko arrantzaleen kofradiek batzar-leku anitzak erabili zituzten. Kofradeen batzarrak ospatzeko erabilitako lehendabiziko lekuak herriko gune erlijiosoak izan ziren. Horrek argi erakusten du osagai erlijiosoak nolako garrantzia izan zuen kofradia-mugimenduen sorreran. Bermeoko kasuan, kofradiako antzinako Ordenantzetan irakur daitekeenez bilkurak Santa Marinako baselizan egiten ziren. Batzuen arabera, baseliza hau Kurtzioko baseliza –Kurtzioko errebalean, Zarragoitiko gazteluaren oinean eta Mundakako erret-bidearen ondoan kokatuta dago- eraikitzeko erabilitako antzinako jatorrizko eraikina izan daiteke. Baliteke jatorrizko baseliza Hiribildua sortutakoan eraiki izana. Horren oin-planta estalki bakuneko laukizuzena zela pentsa daiteke, aurkitutako zimendu lodieran eta bular-horma ezan oinarrituta. Ohitura honen garrantzia galtzen joan zen, sekularizazio-prozesuan zegoen erakundearen aldetik elizaren esparruan batzarrak egitea ez zelako egokitzat hartzen.

Kofradiaren antzinako eraikina, Bermeon
Kofradiaren antzinako eraikina, Bermeon.

Bermeoko marinelen kofradiak eta baita beste euskal kofradia guztiek ere euren bilerak aire librean, zein portuaren kaian edo hareatzatan egiten zituzten. Halere, oso nabarmena zen leku itxietan egin behar zirela eta arestian aipatutako antzinako Ordenantzatan horrela adierazten da. XVII. mendean zehar bilerak leku desberdinetan egiten zituzten: Sancti Spiritu ospitalean, hautatutako Etxezainaren edo beste edonoren etxean, arrantzatutako gordetzeko alokatutako lonjan.

Bermeoko Arrantzaleen Kofradiaren jabetzako eraikina

Bermeoko gremioaren egoitza edo kofradiaren jabetzako eraikina, agirien arabera, XVIII. mendearen azken hamarkadetakoa da. XVIII. mendeko eraikin hau eta 1840rako Juan Antonio Iradik deskribatutakoa bat diren ez dago argi. Etxe honen XIX. mendeko argazkia badago. Eraikina ertzetik erantsita zegoen. Oin-planta errektangeluarra eta teilatua lau isurialdekoa zuen. Bere fatxada lau alturatan ordenatuta zegoen. Beheko solairuan erdi puntu dobeladun bi arku zituen arkupea zabaltzen zen. Arkuok pilareen gainean oinarrituta zeuden. Fatxada nagusiaren beste guztiak dinteldun bi bao-ardatz erakusten zituen. Aparejua harlanduzkoa zen eta ertzetan harlangaitza zuen. Alboko fatxadak gezi-leiho tankerako tamaina txikiko bi bao-ilara zituen; goiko solairuan, begiratoki erara, bao zabalak zeuden. Baoak itxita zeuden egurrezko heziekin eta, agian, bertan arrain lehortzen zen.

Alboko leihoak eta arkupea itsasoko uretatik isolatzen zituen harrizko oinaldean altxatuta zegoen eraikina.

Kofradiaren eraikin berria
Kofradiaren eraikin berria, Bermeon, 1993n
inauguratuta. Kaia komertzialaren inguruan
eraiki zen.

1939an Fernando Arzadun Ibarraran arkitektoak Bermeoko arrantzaleen kofradiarako etxe berria eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen. Bertan esaten denez, helburu nagusia ordura arte erabilitako eraikina atzeratuta eta zahar geratu zenez berau ordezkatuko zukeen kontratazio-lonja berria izatea zen.

Behar hauen aurrean, egoera berrietara egoki moldatzen zen lur-zatia aukeratuko da. Artza, eguraldi ona izan denean flotaren zati handi bat bertan gordetzeko leku aproposa izatearekin batera, arrantza-populazio berria hartzeko ere gune ona izan da; izan ere, Portu Zaharra gainpopulatuta dago eta ez dago eraikitzeko lurrik. Beraz, Artzaren aurrealdean –gaur egun dagoen tokian-, kokatu egiten da. Azkenean, eraikina leku honetan eraikiko da, Santa Eufemia elizaren oinean eta portuaren bokalarekin hegala eginez.

Proiektuan areto desberdinak (arrainerako nabea, bulegoak, batzar-gelak, ganbera frigorifikoa eta arrantza-eskola) sartzea pentsatuta zegoen.

Fernando Arzadunek bere proiektuan honela deskribatzen du eraikina: elementu berdinen erregulartasuna eta errepikapena (bolumen kubikoak, bao-lerro erregularrak…), oin-plantako argiak eta gardentasuna beheko solairuan zehar zirkulatzea errazte aldera.

Egituraren armazoian hormigoia zutabe eta forjatu bakun edo bikoitzekin nahasten da. Fatxadetan pragmatismo hori ikus daiteke, apainketa gutxi baitago. Oin-plano errektangeluarreko eraikina da. Altuera desberdineko bi bolumen kubiko ditu, gainaldean bi dorre txiki dituztelarik. Dorreetan okolu txikiak zabaltzen dira. Okoluen ertzetan adreiluz egindako apainketa dago; hauxe da, apainketari eta herri-arkitekturari egindako begi-keinu bakarra da.

Mundakako eta Elantxobeko kasuak

1818 urte aldera, Etxe-Lonja betebeharra asetzeko asmoarekin eraikin zen Kasinoa portuan. Hori dela eta, oso kokapen pribilegiatua du portuan, Udaletxearen atzealdean hain juxtu. Bera eraikitzeko Mundakako herriak bere errolda enfiteutikotik Talaian zituen lursailetatik parte bat eman zuen. Horrela, Lonja, Ospitaleko antzinako egoitzatik horra lekuz aldatu zuten. Salbuetsitako eraikin kubikoa da. Hiru solairu ditu. Beheko biak luzituta daude eta gorengoa, irtena dena, fundiziozko oinek eusten duten kristaldun galeriaz gaineztatuta dago. Eraikinaren zati hau, hain zuen ere, eraikinaren eraikuntza-datarekin ez dator bat, beranduago gehitutakoa baita. 1890an, Arrantzaleen Kofradiaren eta Mundakako Senidetasun Alkartearen artean sinatutakoaren arabera, azken hauek, Kofradiaren egoitzan solairu bat eta bere etxebizitza altxatzeko baimena lortu zuten. Eraikinaren bigarren solairura igotzeko patin bikoitza dago. Portura begira dagoen aldean ondoko inskripzio adu: “Lonja de San Pedro. Año 1818”.

Arrantzale-Kofradien antzinako egoitza Mundakan
Arrantzale-Kofradien antzinako egoitza
Mundakan.
Arrantzale-Kofradien antzinako egoitza Elantxoben
Arrantzale-Kofradien antzinako egoitza
Elantxoben.

Arrantzaleen bileratarako eraikina ere egon zen Elantxoben. Oraindik orain, portuan, arrantzarako aparejuak gordetzeko eraikinaren aldamenean zutik dirau. Oin-planta errektangeluarreko eraikin honek lau isurialdeko teilatua du eta hormak gris kolorez margotuta ditu.

Oraindik orain, aipatutako udalerrietan (Elantxobe, Mundaka eta Bermeo) Arrantzaleen Kofradiek euren eginkizunetarako erabilitako eraikinak aurkitzeko aukera dago. XXI. mendearen hasieraren bigarren hamarkadan Elantxobe azken arrantzale profesionala jubilatu zen. Mundakan, oraindik orain, profesionalki arrantzan aritzen den itsasontzia dirau, baina Kofradiaren eraikina aspalditik erabiltzen da beste zerbaiterako. Horrela, Bermeon bakarrik, ikus daiteke Arrantzaleen Kofradiaren eraikina bere horretan.

BIBLIOGRAFIA

+ BARRIO LOZA, José Ángel y otros. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia. Bizkaiko Foru Aldundia eta Deustuko Unibertsitatea-Deiker, Bilbo, 1990.

+ BLASCO MARTÍN, Ana. Bizkaiko Herrien Monografiak. Mundaka eta Sukarrieta: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1998.

+ PRADO ANTUNEZ, Ana Isabel. Bizkaiko Herrien Monografiak. Bermeo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2000.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.