Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Zerbitzu eta azpiegitura-arkitektura » Iturriak

Iturriak arkitekturako edo herri –beharretarako elementuak direla pentsatu behar da. Iturriok udal-erakunde ilustratuei esker egin zuten aurrera, osasun aldetik erosotasuna eta prebentzioa lortu zituelako. Ordura arte ura erreketetatik eta putzuetatik hartzen zuten herriek plazetaraino eraman zituzten ur-kanalizazioak, herritarrek bertatik ura har zezaten. Iturri monumentalak Bermeon eta Gernika-Lumon aurkituko ditugu, Taraskakoa eta Merkuriokoa hurrenez hurren.

Gizakiak beti batu izan dira iturburu eta ur korronteen inguruan; antzinako zibilizazio handi guztiak ezarri eta garatu egiten dira ibai handien ondoan. Ez da harritzekoa, orduan, ura eta urak aurkezten duen tramankulua, iturria, gizakiaren sinboloen munduan eta bere errito, kultu eta sinesmenetan sartzea, praktikotasun baten bila.

Kultura preindoeuroparrak eta euskaldunak ura biziaren jatorritzat hartzen du; honentzat urak bizia, ugalkortasuna, joritasuna dakar, amatasuna eta ematasunaz era argian lotuta: lurraren sabeletik dator eta joritasunaren ur espiritua aipatzen da aintzat hartu gabe agirietan uraren ama, edo ur amak… esaten denean.

XVIII eta XIX mendeetako bidaiariek eta idazleek, Jovellanosek, Iturrizak edo Delmásek adibidez, urarekiko joera zuten eta ez zuten ahazten bidean aurkitzen zituzten iturriak aipatzea, kalitatea, freskotasuna eta zaporea aintzat harturik.

Bizkaia gorteko giroetatik urrun zegoen eta udal-ordezkaritza indartsurik ere ez zuen kasurik gehienetan; ez da aberatsa, ondorioz, monumentu balioko iturrien katalogoa. Edozelan ere, komeni da arkitektura gai funtzional eta apaingarriotara hurreratzea.

Iturria Mañun (Bermeo)
Iturria Mañun (Bermeo).

Iturri publikoen funtzioak eta mota

Konnotazio sinbolikoetatik aparte, “hezi” diren urak, jarraiko surtidoreetan edo potinetan aurkeztuta, eginkizun guztiz zehatzak betetzen dituzte, nahiz eta denboran zehar aldatzen eta ugaltzen joan.

Gizarte aurreratuetan gaindituta dago iturria gizakiaren eta animalien behin-behineko edateko eta garbitzeko beharrizanak asetzeko pentsatutako egituratzat hartzea. Gaur egun apaindura gaiak dira, inolako erabilkortasun praktikorik gabe.

Uretarako iturriak lehenengo ezagutzen direnak dira. Iturrion artean berezitasunak nabari dira bakoitza bere zehaztasunekin. Auzo, plaza edo kaleko iturriak zerikusia dute biztanleen kopuruarekin. Baldintza hau aipatzen da sarri aurreproiektuetan, ur-kantitatea eta hodi-kopurua beharrizanak asetzeko beste izan behar duten ezkero. Iturri guztietan legez, hodiei eusteko masta eta aska bat egongo dira, askan ontziak kokatzeko eta betetzeko lekua egokitzen da.

Animaliak edateko aska diren iturriak beste forma bat dute, aska edo harria sakonagoa den ezkero abereak edan dezaten. Baxuagoak animalia txikiak (ardiak, ahuntzak, txakurrak) edan dezaten edo altuak handientzat (zaldi, behi…).

XIX. mendetik aurrera animaliek soberako urak edan beharko dituzte edalekuak banandurik. Batzutan surtidoreen azpian dagoen kanal txiki baten bidez edo ura erantsi den aska batera, besteetan aska bat itsatsi da iturriaren atzealdean. Iturriak funtzioak bereizten ez dituenean debeku-iragarkia ezartzen dira animalien jabeentzat.

Iturria Landan (Murueta)
Iturria Landan (Murueta).

Arropak garbitzeak ere arduratu zituen izpiriturik ilustratruenak, ahal zenik eta urik garbiena erabiltzeko aholkuak emanik gaixo nahasterik egon ez zedin. Uri- edo auzo-garbileku ugari eraikiko dira XIX. mendean zehar edonon. Edateko askaren eran, arropak garbitzekoak iturririk kanal txiki batetik datozen gainezkako urak erabiltzen ditu. Askotan iturri ondoan dago baina arean urrunduta ere, egon daiteke eta, sarri, estalita. Hauxe da sarritan askotan uraren ibilbidea: iturria-edateko aska-garbilekua. Busturialdean gauza arrunta izan ez arren ura, azkenean, ortuak bustitzeko erabiltzen zen.

Uretarako beste iturri-mota bat dago, nahiz eta bereziegia ez izan. Portuetako itsasoko ontziak hornitzekoa, pantailan eta askarik gabe gehienetan, baina upeiak edo beste lako tramankuluak betetzen diren artean tresnok kokatzeko plataforma altuarekin. Bermeoko Portu Zarra dugu. Ontziek ura erraztasunez lor zezaten XVI. mendean ura eraman zen bertara.

Mandazainen iturriak galduta daude gehien baten gaur egun. Iturriotan behin-behinekoa da aska sakona edukitzea animalia handiak edan ahal izateko.

Garbitasunaren kezkak beste esparru bat aurkitu zuten janariei, batez ere okela eta arrainari, dagokien guztian; hiltegiak, haragitegiak eta arraindegiak eratzen dira, bakoitza bere aldetik, leku osasuntsuetan, estalita eta ur korronte eta guzti. Bermeoko Taraskako iturriak funtzio hori betetzen zuen lehen, merkatua frantziskotarren komentuaren arkupean egiten zenean. Gaur egun, berriz, beste betekizun nabarmen bat du, ingurua edertzea alegia.

Edertasunaren gogoa funtzionaltasunaren alboan joan izan da. Apaindura asmoak diseinuan bertan azaltzen dira kasurik gehienetan; ederra eta monumentala izango da egilearen kategoria eta aurrekontuaren arabera. Gehientsuenak nahikoa apalak izanik maila batera heltzen dira gai onak erabiltzea aholkatzen denez: Ereñoko jaspeak edo Markinako kareharri grisa, adibidez. Monumentu-iturriei buruz hitz egiten ari gara.

Monumentutasuna, iturrien apaindura helburu zehatz bat betetzeko gaitasuna, ez dago elementuaren edertasunaren edo neurrian, arkitektonikoa zein eskultorikoa izan, beste faktore batzutan ere badago; guztien gainetik ura bera eta bere jauskera, urak jarraiko mugimenduan mila forma harturik; gero uraren hotsa aska eta urtegiak joaz.

Geroago, monumentu atalak lehentasuna galdu du, ur-jokoak, ur agerraldiak, hauxe dira aurreko eredu iturriotariko asko, soildu egiten dira bestelako efektuen alde, argien (koloreetakoak) alde, batez ere.

Gernika-Lumoko Eriako Lorategiak
Gernika-Lumoko Eriako Lorategiak gunean
dagoen iturrian ur-jokoak aurrera eramaten
dira. Iturriak berak ez du inolako garrantzi
ez artistiko ez etnografikorik.

Apaindura-iturriak gomutagarriak izaten dira sarri askotan. Oroimena alegorikoa izan daiteke, Bermeoko Victoria esaterako; oraintsuago gertakizun historiko eta pertsonaia konkretuei dagokie. Busturialdea ez da lurrik aberatsena gertakizun eta egitsarietan, baina aurreko mendea amaitu baino lehen baditugu ohorezko monumentuak; horretarako arkitektura arlorik egokienetarikoa iturria dugu. Hamarkada batzuk aurrerago ez zen gure jende soilaren buruetan sartzen horrelako omenaldirik egin behar zenik; ezta alegorikorik ere. Horrela ulertzen da Bemeoko iturrietariko bat burutzen duen Victoriak “Taraska” izena hartzea.

Tipologiak

Busturialdean patinak ez dira ugari eta patinik ez dago herri-zerbitzuan. Guztietan hauxe agertzen da: lurpeko uraren mailarainoko zulo jantzia, kanpoko aldean karelak babesten duelarik, ura altxatzeko sistema aldakorrak izanik.

Lur barneko patineko iturria guztiz antzinakoa da, denerik zaharrena beharbada. Honek beste guztiek ez duten abantaila du, ez dagoela iturburu baten pentzuan, inguruko lurren filtrazioetatik edo bere ugastegitik edan daitekeelako. Horregatik agertzen dira hain sarri komentuetako klaustroetan, Erdi Aroko elizpeetan, eta jauregietako larrenetan; euri urak batzeko patina egiten da gero kanpora karela bakarrik ageri dela.

Patina Meakauren (Morga)
Patina Meakauren (Morga).

Pantaila formakoak edo aurpegi arkitektonikoa aurkezten duten iturriak ugari dira eta abantailak ere eskaintzen dituzte; lehenengoa eurak euretara patinaren karela izateak dakarren ekonomia, plaza erdietara beti era neketsuan eraman beharrean.

Bizkaian dagoen iturririk zaharrena pantaila formakoa da, Bermeoko Portu Zarrekoa hain zuzen; iturri hau leku egokian dago kai zaharrena –itsasora joateko diren ontzietarako. Elementu zabala da eta erdian janda agertzen da arku eskartzano itxuran aska eta surtidoreak, ahal den neurrian, zikintasunetik babesturik. Beronek, Gaztelan eta Andaluzian oso ohikoak diren zutabe manieristak erakusten ditu. Ondo bereizten ez diren hiru blasoi erakusten ditu. Bata Bermeokoa, bestea Bizkaikoa eta hirugarrena, Karlos V.ren errege-armarria eta burubiko arranoa, erakunde zibilen (Erregea, Jaurerria eta Kontzejua) ikurrak direnak.

Taraska
Bigarren Inperioa deituriko artea
Bermeoko San Frantzisko
enparantzan agertzen da.
La Victoria (Taraska) iturrian
funtzionaltasun eta ornatu
publikoek bat egiten dute.

Elantxoben hirigunean dagoen iturriak aurrekoa bezain ederra ez den arren era honetakoa da.

Madozen esanetan, Elantxoben hiruzpalau iturri publiko izan ziren:

“...zenbait iturri daude baina bikainenak honako bi hauek dira: metalurezkoa bata, eta oso arina eta ur gardena darioena bestea. Iturri biotako ura, fresku eta osasuntsua ezbairik gabe. Herriaren erdian daude, arrantzaleen pentsura eginik”.

Beharbada horretariko bat Kale Nagusiko iturria zen, XIX. gizaldiaren lehenengo erdikoa, neoklasikoa. Kare-harrizko iturria zen, ur askea eta iturri agor birekin, hiru zutaberen artean eta armarri biren antzeko lisu-unearen azpian.

Elantxobeko erdigunean, Kale Nagusian, kokaturiko iturria
Elantxobeko erdigunean, Kale Nagusian,
kokaturiko iturria. Pantaila-erako iturria da.
Harrian egindako iturri honek balio
etnografikoa du eta artisautza-eran
eraikitako izaera landua du.

Beste iturri-mota bat zutabe-iturriak izango lirateke. Ur-arbola dute, ura eskaintzen duen fustea baliatuz. Kasurik gehienetan iturriak libreak direnez ura erradio-eran lau, zortzi edo hodi gehiagoen bidez banatzen dute, prestakuntza hobea eskainirik; edaten duten lagunak edo animaliak, bakoitza bere kasuan, batak besteari trabarik egin barik.

Tipologia horren bornean aldagarri batzuk aintzat hartzea merezi du: orain arte esandako pilarea eta zutabea obelisko-itxuran eta beste hiru mota gehiago; azkenok sistema hau era batera edo bestera erabiltzen dute hasi asketan edo kalostra-itxurako edo elementu korapilatsuetan.

Kalostra hitza erabiltzen dugunean pilare edo zutabe izatera heltzen ez diren euskarri baxuak direla esan nahi dugu. Masta laburra izaten dute eta masta gainean ontzi antzeko bat bertatik ura dariola dagoela. Goiko elementu honek adierazten du ondoen estilo normalizatuen ibilbidea. Prisma-formakoa bada gotikoa izango da, esfera-formakoak errenazimentukoak eta kipula-itxurakoak Barroko aldikoak.

Zutabea, bere aldetik, garai monumentuen euskarri da sarri, baina iturrietan ere erabiltzen dira. Busturialdea Bermeoko “Taraska” dugu horren adibide.

Elementu bertikal hauek guzti hauek era guztiz desberdinetan errematatzen dira, iturriari nortasuna emanik. “Taraska”ren irudia aipatu da, iturriari benetako herri-izena ematen diona.

Taraskakoa Frantzisko Deuna Atean kokatuta dago. Garaipena goraipatu nahi duen ohore-erako iturria da eta Taraska moduan ezagunagoa da. Ereñoko kareharri gorria egindako ontzi polilobulatuaren gainean marmol zuriko zutabea altxatzen da, girlandak ditu landuta eta burdinurtuzko estatua du goialdean. Estatua honek tunikadun eta eskuetan garaipenaren koroa duen emakumezko baten irudia adierazten du, Victoria bat alegia. Bigarren Inperioko estilokoa den iturri honetan funtzionaltasun eta ornatu publikoek bat egiten dute. Era berean, material ugarik (jaspea, kareharria, marmola, metala) bat egiten dute.

Estatua honek jatorri frantziarra du eta 2.000 euroren truke erosi zen. Bertan, Val D’Osne inskripzioa irakur daiteke. Anton Erkoreka eta beste batzuen aburuz Alemania eta Frantzia artean kokaturiko herri baten izena da. Hasiera batean herri horretara zuzenduta zegoen seguruenez. Abadie (1867) frantziarrari erosi zitzaion eta ur-gune batean kokatu zen.

Ursolo iturria “Merkurio”
Ursolo iturria “Merkurio” iturri
moduan ezagunagoa da Gernika
-Lumon, agian bere gainean den
eskulturagatik?.

Bigarren Inperio estiloan egindakoa ere bada Gernika-Lumon Eriako Lorategian dagoen Ursoloko iturria.. Metal nobleekin eta urtutako metalekin eginda daude. Ursolokoak lau gingileko harraska eta bidegurutzea-formako iturria ditu; gainean burdinez egindako eskultura dago, mahatsa batzen ari den pertsonaren irudia. Iturriaren aldeetan Ursolo, Amillaga, Oiz eta Basteguieta familien abizenak eta armarriak daude. Iturri edo tutuek burdinurtuz egindako maskaroien ahotik irtetzen dute. Iturri hau “Mekurio” izenarekin da ezagunagoa.

Orain arte, garrantzi artistiko nabarmena duten iturriak aipatu dira. Halere, badaude beste iturri asko garrantzia izan badutenak, baina sarritan ahazten ditugunak. Taula honetan, eskulangintzazko batzuk, biltzen dira.

Beraz, argi dago Busturialdea monumentu-iturrietan ez dela oso aberatsa. Izan ere, bi baino ez daude, Taraskakoa, Bermeon, eta Merkuriokoa, Gernika-Lumon. Badaude, beste 13 gutxienez, garrantzi artistiko gutxiago eta garrantzi etnografiko gehiago edo gutxiago dutenak.

Amaitzeko esan honen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero ezinbestekoa da Bizkaiko Herri Iturriak deituriko argitalpena kontsultatzea. Atal honetako informazio gehiena liburu horretatik aterata dago.

BIBLIOGRAFIA

+ AA.EE. Bizkaiko Herri-Iturriak. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1990

+ ALVAREZ GARAY, Matxalen. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ibarrangelu eta Elantxobe: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1993.

+ BARRIO LOZA, José Ángel y otros. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia. Diputación Foral de Bizkaia y Deustuko Unibertsitatea-Deiker, Bilbo, 1990.

+ BLASCO MARTÍN, Ana. Bizkaiko Herrien Monografiak. Mundaka eta Sukarrieta: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1998.

+ CASANOVAS, Teresa eta beste batzuk. Bizkaiko Herri Iturriak. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1990.

+ ENSUNZA ARRIEN, Maider. Bizkaiko Herrien Monografiak. Gernika-Lumo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.

+ PRADO ANTÚNEZ, Ana Isabel. Bizkaiko Herrien Monografiak. Bermeo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2000.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.