Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Itsaskitegia

Txatxarramendiko itsaskitegiko itsagela Proiektua

Itsaskitegia, "langosteroa" edo "haztegia" moduan ezagunagoa zena, 1930. urtean eraiki zuten Txatxarramendi irlaren inguruan, Pako Ostatuaren parean, Busturiako Udalerrian (ostatuaren propagandan Sukarrietan kokatzen zuten). Bere betebeharra 1919an ateak ireki zituen Pako Ostatuko sukalde eta mahaietarako mariskoaren "behin-behineko aterpetxe" moduan erabiltzea zen, mariskoak bizirik eta fresko iraun zezan.

Kontserbazio-sistema erraza zen: animaliak itsaskitegiaren kubetan barnean kokatzen ziren eta klienteak gustokoena zuena aukera zezakeen jateko (edo afaltzeko) horrela uste bazuen.

Baina 1968. urtean, Pako Ostatua itxi zutenean, eraikin txiki hau ere bertan behera gelditu zen. Urteen poderioz bere egoera okertzen joan da, azkenengo urteetan noiz jausi zain egon garelarik.

Hozkailurik esistitzen ez zen garai horretan hain garrantzi handia hartu zuen eraikin etnografiko eta historiko hau gure memoriatik desagertzeko zorian zegoela ikusirik URDAIBAIKO GALTZAGORRIAK eraikinaren zaharberritzeari ekitea erabaki zuen. Horretarako, entitate edo erakunde desberdinen laguntza izan zuen: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Saileko Biodibertsitate Zuzendaritzaren laguntza ekonomikoa, Harri ta Lur Baserri Lan -egitura etnografikoen zaharberritzean espezializatutako empresa- enpresaren laguntza teknikoa, hedabideen zabaltze- laguntza eta, azkenik, baina oso ezinbestekoa izan dena, ekimenerako heuren astia eta esfortzua eman zuten hogei bat boluntarioen laguntasuna.

2001 urteko martxoko, apirileko eta maiatzeko hileetan egin zen zaharberritzea. Martxoko hilea lan desberdinak egitera (jausitako teilatuaren hondakinak kendu, eraikinaren barnean metro erdi altueraraino pilatutako lokatza eta zaborra kentzera, teilatu berria eraikitzera...) zuzendu genuen.

Apirilean barneko egurrezko baranda eta pasabidea konpondu genituen eta maiatzean azkenengo ukituak eman genizkion, bai eta kanpoko aldean, eraikinetik gertu, interpretazio-panela jartzeari ere, ekin genion.

Aurreko ekimenarekin edertasun handiko eremuari zegokion itxura emateaz gain, garai horretako ostatu sektorearen aktibitate industrialaren adierazle zen eraikina zaharberritu genuen.

Txatxarramendiko Zetareoaren Berreskurapenaren Proiektu teknikoa (.pdf 128 KB)

Txatxarramendiko Zetareoaren Berreskurapenaren argazkiak (.pdf 17,6 MB)

Deskargatzeko panela: Txatxarramendiko zetareoaren berreskurapena (.pdf 590 KB)

Beranduago, 2003. urtean zein erabilpen berri eman ziezaiokegun pentsatzen hasi ginen eta eskutartean genituen proposamen desberdinetatik erabilpen didaktikora zuzentzea ebatzi genuen. Bigarren eta azken saio honetan, Biodibertsitate Zuzendaritzaren eta Busturiako Udalaren laguntzaz oraingoan ere, jausteko zegoen eta oso interesgarria zen eraikin etnografiko eta historikoa itsas-gela txikian bihurtu da.

Txatxarramendiko Itsaskitegiko Itsasgela izenarekin ezaguna den ingurumen-heziketarako ekipamendua bisitagarria da eta tradizioaren eta modernitatearen bilgunea izateko nahiarekin jaio da. Tradizioa, itsasoko gauzez orokorrean eta kostaldekoaz konkretuki hitz egiten delako, eta modernitatea, energia berriztagarrien bidez, eguzki energiaren bidez zehatzago izateko, itsaskitegia argiztatzea lortu delako.

Ingurumen-hezkuntzako ekipamenduaren gainean informazio gehiago [+]

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.