Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Zerbitzu eta azpiegitura-arkitektura » Itsasargiak

Bermeon bildutako kondairen artean honako hau dugu: "esaten izanda nola Izaroko fraide batek izan zuen maitalea Errosapen, Mundakan. Egunez ezin zuenez ikusi, gauez joaten zen Mundakara igeri eginez. Gauez jakiteko nora joan behar zuen, neskak argia jartzen zion. Baina deabrua enteratu egin zen eta gau baten beste oso leku urrunean jarri zion argia. Fraidea joan zen igeri egiten eta igeri egiten, baina ezin heldu argira. Azkenean, nekatuta, ito egin zen."

Aurreko kondairak oso argi uzten du gauaren iluntasunean kostaldean orientatzeko zein garrantzitsua den argi-iturriren bat izatea.

Sarrera hau prestatzeko 2001 urtean Elhuyar aldizkariaren 167. alean argitaratutako bi artikulutan oinarritu gara.

Ongi dokumentaturiko lehenengo itsasargia Faros uhartekoa da, egiptoarrek Alexandriako portuaren sarreran eraiki zuten 130 metroko dorrea. K.a. III. mendeko eraikina da.

Egiptoarrek, feniziarrek eta erromatarrek itsasargi asko eraiki zituzten Mediterraneoko, Egeoko eta Itsaso Beltzeko kostetan. Baina Erromaren eragina iparraldera ere zabaldu zen. Horrela, merkataritza-bideak babesteaz gain, inperioaren egonkortasuna bermatzen laguntzen zuten. Oro har, garai hartako itsasargiak egurra erretzeko dorre sinpleak ziren. Gau osoan piztuta izatea lan neketsua zen eta, horregatik, beste argitze-sistema batzuk probatu zituzten.

Gaur egungo itsasargiak elektrikoak dira.

Argia igortzen duen eraikina
Argia igortzen duen eraikina.
Soinua igortzen duen eraikina
Soinua igortzen duen eraikina.

Baina zertarako behar dira itsasargiak?

Nabigatzaileentzat itsasargiek bi funtzio betetzen dituzte. Bata, norberaren kokapen zehatza jakiten laguntzea eta, bestea, lehorreko tokien kokapena adieraztea. Gauez argien bitartez igortzen du itsasargiak bere informazioa eta egunez eraikinaren beraren ezaugarriek ematen dute identifikatzeko aukera. Ez dago bi itsasargi eraikin berdin-berdinak dituztenak. Gure kostakoak zuriak dira mendi berdeetan kontraste handia egin dezaten.

Horregatik, ezaugarri horiek itsasotik nola ikusten diren oso ondo zehaztuta dago nabigazio-mapetan. Bertan, neurriak eta itxurak aipatzen dira. Marinelek, gainera, kostaldearen itxura erakusten duen marrazkiak erabiltzen dituzte. Euskal Herriko kostan oso erabilgarriak dira, oso menditsua baita.

Nola lortzen dute hain urrun igortzea euren argia?

Gauez izan daitekeen seinalerik garrantzitsuenetako bat itsasargiarena da. Ez dira eraikitzen ontziak kostatik oso gertu ote dagoen jakiteko bakarrik, ibilbide batean erreferentziako puntuak izateko ere balio dute. Gertutik ikusita, itsasargietako argiek ez dute ematen inguruko herrietakoak baino indartsuagoak. Baina haiek Fresnel lenteen bitartez indartzen dira.

XIX. mendearen hasieran, Agustin Jean Fresnel frantziarrak lente egokiak asmatu zuen lanparen osagarri gisa. Gaur egungo itsasargi guztiek halako batekin funtzionatzen dute. Fresnel lentearen helburua barreiatzen den argia jasotzea eta kontzentratzea da. Horretarako, lenteari itxura berezia ematen dioten prisma batzuek argia harrapatu eta hodeiertz aldera bideratzen dute.

Horregatik, urruntzen garen heinean, hirietako argiek indarra azkar galtzen dute, baina itsasargienak, aldiz, oso pixkanaka desagertzen dira.

Gaur egun, nahi adina intentsitateko argia igor daitekeenez, itsasargia zein altueratan eraikita dagoen da ezaugarririk garrantzitsuenetako bat. Zenbat eta goragotik argitu, orduan eta urrutiagotik ikusiko da haren seinalea.

Dena dela, nahiz eta altuera txikian egon, toki estrategikoetan dauden itsasargiek argi bereziki indartsuak izaten dituzte. Euskal Herrikoetan irismen handienekoak 25 itsas milietara (ia 50 kilometro) ikusten dira, gutxi gorabehera. Matxitxakokoa dago irismen handienetakoen artean.

Itsasargi bakoitza identifikatu ahal izateko, argi-izpien bidezko kodea asmatu zen. Behin argiren bat detektatuz gero, marinelek izpiak zenbatu eta denbora neurtu egiten dute; itsasargi bakoitzak berezko “argi-jokoa” du, nabigazio-mapetan ere zehaztuta dagoena. Baina identifikatzeko sistema hori ez dute itsasargiek bakarrik erabiltzen, kai-muturretan dauden balizek eta farolek ere argi-izpien kodeak dituzte.

Errosapeko itsasargia itsasontziaren ostean dago
Errosapeko itsasargia itsasontziaren ostean dago.

Zer gertatzen da lainoa dagoenean?

Lainoa dagoenean itsasoa bare-bare egoten da. Dena dela, portura iristeko zailtasun handiak izaten dira, itsasargiek ez dutelako ezertarako balio. Orduan, argia igorri ordez, soinuren bidezko seinaleak jartzen dira martxan. Seinale horiek entzun ahal izateko, ontzi motordunek askotan motorra itzali behar izaten dute. Hala eta guztiz ere, sistema eraginkorra da eta gaur egun sarritan erabiltzen dena. Matxitxakoko itsasargiak, adibidez, Morse bodez M letraren kodea soinuz igortzen du egun lainotuetan (eguraldia edozein dela ere, seinale hori bera irrati-maiztasunez beti zabaltzen du).

Zenbat itsasargi daude Urdaibain?

Urdaibain bi daude. Bata, Errosapekoa, Bermeon, Mundaka ondoan, eta bestea, Matxitxakokoa, Bermeon ere, Bakiorako bidean.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.