Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Zerbitzu eta azpiegitura-arkitektura » Eskolak

Eskolen tipologia emailearen eskuzabaltasunaren (askotan horrela sortu ziren eskolak, herritar aberats eta eskertuen batek herriari egiten zion opari legez) edo ikasleen matrikularen araberakoa izaten zen batez ere. Antzora, Lumo, Metxika, Akorda eta Albiz bezalako gune txikiek eskola-mota honetatik berandu arte ez zuten onurarik atera. XX. mendearen hasierara arte ez zuten izango, Bizkaiko Aldundiaren Auzo-Eskolen planaren barnean sartuta izan arte. Nabarniz, Axpe-Busturia, etabar, …, bezalako gune zertxobait garatuagok XIX. mendetik eskola publikoa ezagutu dute. Eraikin berean neskak eta mutilak zeuden, eta bi maila baino gehiagorako egokituta zeuden. Aipatutako bi kasuetan, gelen banaketa bertikala da, Ibarrangelun eta Kortezubin, berriz, gelak simetrikoak dira. Erantsita daude alegia. Herritarrek euren hezkuntza-zentroak eraikitzeko asmoarekin erakusten duten boluntarismoaren moduan ulertuta apur bat nabarmentzen diren adibideak Bermeokoak eta Gernika-Lumoko Pasealekukoak dira. Bermeokoak neoklasikoak, oso soilak eta nobleak dira. Gernika-Lumoko Pasealekukoak post-neoklasikoak dira eta Casto de Zavala arkitektoaren estiloa oso ondo erakusten dute. Izan ere, artista hori eraikuntza-mota hauekin oso ondo moldatzen da.

Busturialdeko hezkuntza-zentrorik zaharrenetariko bat Ajangizen dugu. Mutilen eskola da. 1851n Pedro Belaunzaranek diseinatutakoa da. Apur bat beranduago, 1864n, Antonio Gandarias lan-maisuak, parrokiaren enparantzan, mutilen eskolaren alboan, nesken eskola eraikitzeko proposamena aurkeztu zuen. Udaletxea, eskola eta landetxea neoklasikoak dira. Gaur egun, eraikuntzak zaharberrituta daude. Mutilen eskola, orain, txokoa da eta, neskena, Herriko Taberna.

Ajangizko antzinako eskolak
Ajangizko antzinako eskolak. Mutilena, ezkerrean, eta neskena, eskuman.

Allende Salazar Sendia

Gernikari dagokionez Angel Allende Salazar Aldunak eskolen eraikitze-lanen % 50 Gobernuak finantzatzea lortu zuen.

Gernikako Hiriak lau eskola izan zituen XIX. mendean. Bi mutilenak, bat Santa Klarako zelaian (Lumoko udaletxearen antzinako eraikinean) eta bestea Andra Maria kaleko behealdeko mutur batean. Beste eskola biak neskenak ziren. Bata, Andra Maria kaleko goialdearen mutur batean eta, bestea, norberaren gela bat, 8 de enero kalean. Beranduago, azken hau, Pasealekuko antzinako frontoiak betetzen zuen lekuan eraikitzen ari ziren mutilentzako eskolara eraman zuten. Berau estilo post-neoklasikokoa da eta Casto de Zavala arkitektoak diseinatu zuen. Eraikinaren behealdean bost metroko hamazazpi arku daude, denen artean oso galeria polita eta erakargarria osatuz. Galeria honek paseatzea eta eskola-umeen aisialdi-eremu moduan erabiltzea baimentzen du. Eskolaren fatxadak Okako harrobiko hareharriarekin eraikita zeuden.

Hezkuntza-zentro apur bat modernoagoa San Fidel eskola da, gaur egun San Fidel Ikastola dena. Eraikitze-estiloa XX. mendeko arkitektura garaikidea da. Aurreko aurpegian hamalau bao-ardatz daude, binaka taldekatuta. Erdiko aldea desberdina da, fatxada nagusiarekiko paraleloan doan estalkiaren lerroa apurtu egiten baitu. Sarbideak igarobidea du eta material koloristak oso ondo erabilita daude, adreilu gorria krema kolorean margotutakoarekin konbinatuz.

Lumo bezalako gune txikiek eskola-mota honi errendimendu txikia atera zioten eta XX. mendera arte ez zuten eskola publikorik izan. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundia Auzo-Eskolak eraikitzen hasi zen arte Lumon ez zegon eskolarik.

Gernika-Lumoko eskola publikoa
Gernika-Lumoko eskola publikoak ez dira
post-klasizismotik aldentzen. Hori, erdiko
etxesailean oso ondo ikusten da. Proiektua
1880an Casto de Zavalak diseinatu zuen.

Busturiako eskolak

Busturiako eskolak XIX. mendea ixten duen hamarkadan eraiki ziren. 1886n, jada, Bizkaiko Gobernadore Zibilak udal-batzari eskola moduan gela eraberritzeko edo oin-planta berritik eraikitzeko egindako premiazko eskaeraren aurrean, Manuel Maria Arrotegi Jaunak, Axpe auzoan, Udaletxetik oso gertu, eskola eraikitzea eta herriari dohaintzan ematea erabaki zuen. 1877an egindako inspekzioan baldintza higienikoa keta pedagogikoak betetzen zituen lehenengotariko lokala zen. Eraikinak, oraindik orain, zutik dirau. Balio historiko handiago du artistikoa baino. Izan ere, ez du arkitektura- eta apainketa-elementu garrantzitsurik.

1892an bere anaiak Nikolas Arrotegi Jaunak nesken eskola dohaintzan eman zuen. Eraikin handiagoa da. Arrotegi Egoitzaren eta Bulukua Jauregiaren artean, Axpeko erdigunetik trenbidearen geralekura doan bidearen ondoan kokatuta dago. Eraikin honek zenbait eraberritze-lan jasan ditu, azkena 1985ean. Hormak harlanduzkoak dira; bere oin-planoa, apur bat errektangeluarra da eta, teilatu-hegalak, garaiko eraikina askotan legez, oso irtenak dira.

Zazpi urte beranduago, Busturiako Udalak, Altamira auzoan, mutilentzako eskola berria eraikitzea erabaki zuen. 1899ko apirilean herrialdeko Aldundiari baimena eskatu zion: “(…) Débese este proyecto… a que diseminado este pueblo en diversos barrios, con relativa distancia, los mayores de los cuales son el parroquial de Axpe por iniciativa y dotación de un particular otra de niñas, en la propia forma puede y debe dotarse en esta ocasión, á expensas del procomún, al barrio de Altamira de un servicio para escuela de niños… ya que su distancia á la de Axpe dificulta en esta la concurrencia de los alumnos, mucho más en la clase labradora. (…) Suplica a V.E. en nombre de la Corporación que preside, se sirva autorizarle desde luego para la realización del proyecto aludido y construcción en su virtud del nuevo edificio de referencia”.

Lanen adjudikaziorako lehiaketa 1899ko ekainaren 25ean izan zen Udaletxeko Batzarren Gelan, orduko alkate Nikolas Arrotegi Jaunak presidentziapean. Eraikina, Altamira auzoko enparantzan, San Migel elizaren ondoan, kokatuta dago. Gaur egun, eraiki zeneko helburu berarekin erabiltzen da.

Ajangizko antzinako eskolak
Busturiako hiru eskolak. Mutilena (ezkerra), neskena (erdia) eta gaur egungoa, mistoa (eskuma).

Auzo-Eskolak

Auzo-Eskola
Auzo-Eskola.

XX. mendearen hasieran kulturaren eta hezkuntzaren egoera Bizkaia osoan txarra zen. Eskolak, zeudenean, ekonomikoki indartsuak ziren udalerrien erdiguneetan zeuden, herritar gehienengandik urrun beraz. Agintariek hezkuntza-zentro berriak eraikitzeko beharraz ohartu ziren. Auzo-eskola ospetsuak izan ziren. Horiek, ondoko hiru baldintza hauek betetzen zituzten guneetan eraiki ziren: auzoak hamar herritar baino gehiago izatea, etxeak gertueneko eskolatik kilometro bat baino gehiagora kokatuta egotea eta, auzoan bertan, auzoak berak edo bere kasuan, udalak, ondare egokia izatea. Euren gaineko guztia (planoak, eraikuntza aurreko eta osteko guztia…) Aldundiak berak ezartzen zuen. Diseinua bera zein erabilitako materialak kontuan hartuta inguruari ondo egokitutako eraikinak ziren.

Ondoren aipatuko ditugun eskola hauek garai berekoak edo modernoagoak direla pentsa liteke. Guztiek garrantzi historiko-kultural apur bat erakusten dute.

Mundakako Juan Tribisarrospe eskola

Juan Tribisarrospe ikastetxea, Mundakan
Juan Tribisarrospe ikastetxea, Mundakan.

Mundakan Juan Tribisarrospe eskola dugu. Bere dohaintza-emaile nagusiaren omenez deitzen da horrela. 1923an eraikitakoa da. Izan ere, garai horretan, lokalak berreskuratzeko Arrantzaleen eskolak bere jabetzako lokaletan kokatutako umeak kanporatu beharrean daudenean eraikitakoa da. Eskola-umeak hor kokatu orduko, 1907tik aurrera, Kristau-Heziketako Anaiek zuzendutako San Luis Ikastetxean egon ziren.

Ikastetxea Castor Uriarte arkitektoak eraikitakoa da. Egile hau, XX. mendeko Arkitektoen Lehen Belaunaldiko kide dugu eta 1925ean Gernikako Frontoia proiektatu zuen.

Estilo historizistan eraikitakoa eraikina da. Neurri txikikoa da. eta, aldez aurretik esan beharra dago interes artistiko txikia duela. Gaur egun, bulego moduan erabiltzen da. Beheko solairuko alboetako ate handi biak zein erdiko leihoa erdi-puntuko arkuan eraikitakoak ziren. Ezkerreko atetik hegoaldeko fatxadan dagoen ataripera heltzen zen. Gainean, suhesiekin babestuta eta adreiluekin eraikita dagoen balkoia dago. Fatxada nagusian, erdialdean balkoia dago. Bola handiekin babestutakoa eta teilatuko pinakuluetako biren jarraipenekin mugatutakoa da. Balkoi honen bi aldeetara arku mitraldun lau leiho zeuden. Azkenez, apaindura gisa, fatxada nagusiaren luzera osoan teilatuaren gainean lau pinakulu ditu eta fatxada nagusiaren eskumaldera, teilatu-hegalaren azpian, garitoia erakusten du.

Ibarrangeluko Albano Jauregi Ikastetxea

Albano Jauregi Ikastetxea, Ibarrangelun
Albano Jauregi Ikastetxea, Ibarrangelun.

XIX. mendearen amaieran Ibarrangeluko antzinako eskolak oso egoera txarrean zeuden eta, gainera, ez zegoen lekurik neska-mutiko gehiago sartzeko. Hori dela eta, 1904an, Ibaetako enparantzan berri bat eraikitzea erabaki zen. Diseinua Fidel Iturriak egin zuen. Eraikuntza, lehiaketa publikoa irabazitakoan, Fructuoso Mario Gómez bilbotarrak egin zuen. Eraikuntza-lanak 1905ean amaitu ziren.

Eraikin berri honek, bolatokia zegoen lekuan, behealde bat dauka. Eskola-umeak jolasten ziren lekuan probalekua dago. Den-dena ondo bereizita. Eraikinaren erdialdearen aurrealdean gauzak gordetzeko gela dago. Beheko solairua bitan banatzen da. Alde batean, nesken gelak, eta, bestera, mutilenak. Gela horien artean sarrera, komunak eta liburutegia zeuden.

Barnera sartzeko atera eskailera baten bitartez ezkerretik zein eskumatik igo gaitezke. Arkitektoak eskailera hau diseinatu zuenean tribuna legez erabiltzeko egin zuen, agintariek parte hartu beharreko ekitaldi publikoetan tribuna moduan erabiltzeko, alegia. Behealdea eta sotoa harlanduan eraikita daude. Beste guztia adreiluzko da eta aurrealdea entokatuta dago.

Ikastetxea zabaldu eta seigarren urtera Ibaetako enparantza eraberritu egin zen. Bertan zegoen taberna bota, lurra leundu eta jesarlekua eraiki egin ziren.

1947an Eskola Nazionala izena kendu eta Albano Jauregi moduan bataiatu egin zen. Izen hori jarri zitzaion, hain zuzen ere, oso egoera txarrean egondako eskola zaharra eraberritzeko dirua pertsona horrek eman zuelako.

Denborarekin, eraikin berri hau ere kaltetzen joan zen. Horrela, erabat eraberritu beharra zeukan. Fatxada mantendu egin zen eta barnealdea, berriz, erabat hustu zen. Hau guzti hau 1990ean egin zen eta eraberritze-lanon iraupena urte batekoa izan zen.

Arratzu

Arratzuko antzinako eskola
Arratzuko antzinako eskola.

Arratzun, eskola publikoa udaletxearen aldamenean eraiki zen. Oin-plano karratukoa da. Teilatua bi isurialdekoa da eta urak alderik laburrenetarantz batzen dira. Fatxada handia, bi altuera eta behealdea ataripearekin ditu. Goialdean bao dintelduna eta balkoi zentratua ditu. Ondoko inskripzioa duen armarria du: “Escuelas año 1925”. Euskal estilo berrian eraikita dago. Fatxadan brontzezko plaka bat dago ondoko testuarekin: “Año 1925 / la excma. Sra. Dª. Victoria / de Durañona y Colomo / viuda de D. Pedro Pascual / de Gandarias y Navea / construyó estas escuelas / en memoria de su / hijo D. Ricardo”.

Bermeo

Herriko gazteen artean hezkuntza hedatzeko gogoa badirudi konstante historikoa izan dela Bermeoko Hiribilduan. Itsasoaren mugarik gabeko munduan irakurtzeko eta idazteko beharra betebeharreko helburutzat hartu zen. Honela, ardura hori estilo neoklasikoan eraikitako bi eskola-talde soilen eraikuntzan gauzatu zen. Bata, Asisko San Frantziskoren eskola-taldea. Eraikin hau San Frantzisko enparantzaren izen bereko komentu gotikoaren klaustroari itsatsita dago. Oin-planta apaisatua duen estilo neoklasikodun eraikina da. Fatxada hiru solairutan egituratuta dago. Behealdea pilastren gainean dauden erdi puntuko arkudun arkupetan zabaltzen da. Barnera sartu, eraikinaren hegal batetik, gezurrezko dintel batetik, egiten da. Goiko solairuen fatxada hamalau bao-ardatz adintelatutan ordenatuta daude. Bigarren solairuan baoak binaka daude eta burdin forjan egindako balkoietan irekitzen dira. Burdin forja hau udaletxeko balkoien berdina da. Fatxada zurian entokatuta dagoen bitartean, baoetan eta ertzetan harlanduak agertzen dira.

Bestea, Irakaskuntza eskola-taldea da, gaur egun Udal Musika-Kontserbatorioa hartzen duena. Eraikin apaisatu honek bi altuera ditu eta inposta-pleken bidez bananduta dago. Erdiko gorputzak harlanduzko aparejua erakusten du eta bertan sarbide bat irekitzen da frontoiaren azpian. Alboetako bi gorputzak bost bao-ardatzetan ordenatzen dira.

Frantziskotarren komentuko eskolak
Frantziskotarren komentuko eskolak
Irakaskuntza
Irakaskuntza

Atal hau ezin amaitu dezakegu Sukarrietako kolonia modernoa aipatu gabe. Erdian kokaturiko moduluari itsatsitako bi solairutako etxe ugariko talde berezia da. Barnetegia eta eskola denez tipologia arruntetik apur bat urrundu egiten da. Are gehiago, jantokiekin, logelekin, kaperarekin… egitura konplikatu egiten da. Bere kokapena, itsasbazterrean, eta eraikuntza, dena, oso ondo asmatuta dago Sukarrietako kolonia honetan. Horregatik, 2010. urtean, Garrantzi Kulturaleko Ondare moduan izendatzeko tramiteak abiatu zituen Eusko Jaurlaritzak eta horrekin, etorkizunean, bere suntsipena ekidin nahi da.

Sukarrietako kolonien talde polita
Sukarrietako kolonien talde polita.

BIBLIOGRAFIA

+ BARRIO LOZA, José Ángel y otros. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia. Diputación Foral de Bizkaia y Deustuko Unibertsitatea-Deiker, Bilbo, 1990.

+ ÁLVAREZ GARAY, Matxalen. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ibarrangelu eta Elantxobe: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1993.

+ BLASCO MARTÍN, Ana. Bizkaiko Herrien Monografiak. Mundaka eta Sukarrieta: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1998.

+ ENSUNZA ARRIEN, Maider. Bizkaiko Herrien Monografiak. Gernika-Lumo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.

+ GARATE MAIDAGAN, Diego. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ajangiz eta Arratzu. Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.

+ PRADO ANTUNEZ, Ana Isabe. Bizkaiko Herrien Monografiak. Bermeo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2000.

+ RAMOS LARRIBA, Cipriano. Bizkaiko Herrien Monografiak. Busturia: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.