Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila » Herri-arkitektura » Baserri-etxeak » Bilakaera historikoa » Egurrezko eskeletodun baserri-etxea XVII. mendean.

Baserri-etxeen eredu bera, zutabeekin egindako egitura orokorrekoa, XVII. mende osoan zehar iraungo du. Eraikuntza-tekniken inguruan eboluzio txikiak emango dira: horrela, adibidez, fatxada ixteko unean, horma zutabeen artean jarriko da, eta ez euren aurretik, zutabeak izkutatuz. Lehenengo eta bigarren solairuaren artean fatxadan sortzen zen maila desagertu egingo da, eta harria euskarri-funtzioa hartzen hasiko da. Hala ere, zenbait adibidetan, antzinakoenak seguruenez, behe horma aurrerago izaten jarraituko dute: Uribarren (Durikiz) eta Etxebarri (Garteiz), Ibarrangelun; Barrenengoa (Abaroa, Sukarrieta); Onaindi (Mendatauri, Mendata); Altamira (Ibarruri, Muxika); Bisko (Gabika, Ereño); Zierre (Oma) eta Enderika Aundi (Enderika), Kortezubin; Txertudi(Loiola) eta Mintegierdikoa (Uarka), Arratzun; Mendiolea (San Migel) eta Aldaola (Berreño-Aldaka), Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen; eta Elorreta (Jainko, Arrieta).

Endeitza Aurreko baserri-etxea
Endeitza Aurreko baserri-etxea (Basetxetas,
Ereño). XV eta XVI mendeen artean Bizkaiko
baserri-etxe on batzuk berreraiki ziren. Euren
atzeko fatxadetan arku zorrotz handiak eta
gezileiho estuak aurkitzea erraza da.
Gezileihoak, bi dira, eta lastategia eta korta
aireztatzea baimentzen dute. Aipaturiko
baserri-etxea Ereñoko Udalerriko zaharrena
da. Gaur egun, baserri-etxe hori eraberrituta
dago. Lehen atzeko fatxada zena, gaur egun
aurrekoa da.

Garai honetan ere eredua hedatu egingo da. Orain arte ezin bagenuen esan baserritar gehienek ez zutela aukerarik aztertutako baserri-etxeetan bizitzeko eta soilik aberastutako baserritarrek izan zezaketela, sasoi honetatik aurrera zutabeak dituen baserri-etxea landa-mundu bizkaitarreko etxebizitza prototipikoa izango da. Tipologia honetako aurkikuntza-kopurua nabarmenki areagotzen da, tamaina handiko eraikin aberatsak zein apalagoak agertzen direlarik. Azken hauen ezaugarriak ondokoak lirateke: garapen bertikal txikiagoa, erabilitako materialak eta aparailuak pobreagoak, oinplano txikiagoa eta elementu arkitektoniko landurik ez. Baserri-etxe apalen ugaritasuna hain handia da, ezen mende amaieran herri-etxebizitzaren demokratizazioaren aldeko unean sartu garela esan dezakegula. Aipatutako garapena bat dator egoitza-arkitektura landuaren errekuperazioarekin, jauregi eta oinetxe tzar gehiago agertzen direlako.

Behingoz, baserri-etxe hauetako batzuk zehatz-mehatz datatu ahal izango dira, euren fatxadatan eraikuntza-data eta bere jabearen izena jartzeko ohitura hedatzen hasten baita. Horren adibide: Idoiaga (Bollar-Akorda, Ereño) (1682), Ozollo (Ozollo, Gautegiz Arteaga) (1694), Gardoi (Triñe, Forua) (1701) eta Akurio Erdikoa (Kanpantxu, Murueta) (1734).

Apurka-apurka oholtza bidezko itxiturak egiteko tradizioa bertan behera uzten dihoa. Horren ordez, ohikoena, harlangaitza erabiltzea izango bada ere, kasu batzuetan adreilua zein ola-zepa moduko material berriekin saiakerak egingo dira. Horren emaitza armazoi-egituradun fatxada zoragarriak dira, batzuetan koadrikula erregularizatu itzela dute, non ia bao barik hormatal zarpiatuak soliba-, zeharraga- eta zutoin-sistema konplexuarekin txandakatu egiten diren.

Etxeak noiz eraiki diren inskripzio bat
Etxeak noiz eraiki diren inskripzio baten
bidez ate nagusiaren ateburuan adierazteko
tradizioa askoz ere hedatuagoa dago
Busturialdean beste eskualde bizkaitarretan
baino, nahiz eta, hemen ere, eskainitako
esaldiak eskasagoak izaten diren.

Tipologia honetako baserri-etxeen adibideak oso ugariak direnez esangarrien artean ondokoak aipa ditzakegu: Onaindi (Mendatauri), Solarren Bekoa (Solarren), Ororoetxe (Ororoa), Goskotxe (Zarra) eta Etxezarra (Lamikiz), Mendatan; Argiñene (Zelaieta), Bengoetxe (Arteaga Uria) eta Goitisolo (Isla Goikoa), Gautegiz Arteagan; Bidaurreta eta Intxuniz (Meakaur), Duo Goikoa eta Duo Bekoa (Flores), Barrengoetxe eta Leksorte (Lekerika) eta Leixartza (Morgakone), Morgan; Madalen (Madalen, Errigoiti); Pozueta Atzekoa (Pozueta), Mendiguren (Mendiguren), Pagai Goikoa (Agirre), Goiko (Ajuria), Muxikan; Martikone (Bollar), Zarragoiko (Akorda) eta Ziene (Zeeta), Ereñon; Olarta (Antzoras), Ibarra (Elexalde), Ibarrangelun; Agirrebekoa (Agirre, Mundaka); Longa (Natxitua), Zeleta eta Biarte (Aingerutxu), Mendiola Atzekoa, Mendiola Aurrekoa, Koskorrotza Erdikoa eta Koskorrotza Bekoa (Mendiola), Ean; Sagasta (Baldatika), Tolunburu, Azketa eta Gardoi (Triñe), Foruan; Ormaetxe, Aldekoa eta Mendigune, Nabarnizen; Enbeita eta Larruze Aurrekoa, Ajangizen; Zabaltxu eta Zabalerdi (Zabala), Miriategi (Loiola), Arestietagoikoa (Zubiate), Telletxe (Elizalde), Munduene eta Barroetabeko (Barroeta), eta Intxaurragazarra (Gorozika), Arratzun; Zierre (Oma), Barrutibasobeko (Barrutia), Garekabe (Elorriaga), Urriene (Enderika), Sakona (Terlegiz), Kurtziñe eta Rementería, Kortezubin; Oliene eta Ludoiene (San Bartolome) eta Arritxuzaga (nahiz eta 1880. urtean dataturiko zutabe sendoa izan) (Axpe), Busturian; eta Artiketxe (Artika, Bermeo); Barrenetxe, Etxebarri eta Ormetxe (Uriona), Astorki Bekoa eta Astorki Goikoa (Berreño) eta Larrinazarra (Totorika), Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen; Gerekatzekoetxea eta Gerekaetxebarria (Gereka, Arrieta); Arambarrene, Etxeandi (Arane), Mendiola (Zallo) eta Etxebarri (Zallo), Gernika-Lumon.

Aldekoa baserri-etxea
Aldekoa baserri-etxea (Lekerika, Nabarniz).
Fatxadaren antolaketa hiru habeartetan,
erdikoa sakonagoa, XVI. gizaldiko
baserri-etxeen ezaugarria da.
Martikone etxea
Martikone baserri-etxea (Bollar, Ereño).
Egurrezko egitura bistan geratzea ohikoagoa
da XVI. mendearen erdialdetik XVIII. amaiera
artean eraikitako baserri-etxeetan. Berau,
eboluzio-prozesuaren tarteko faseari dagokio.
Ormetxe baserri-etxea
Ormetxe baserri-etxea (Uriona, Munitibar
-Arbatzegi-Gerrikaitz). Harrizko oin sendo lau
angeluar du eta bertan inprenta euskarritzen da.
Leixartza baserri-etxea
Leixartza baserri-etxea (Morgakone, Morga).
Oraindik orain, Morgako udalerrian badaude
XVI. gizaldiaren amaieran eta XVII. hasieran
eraikitako hainbat etxebizitza zutabedun
ohiko eskeletoa eta goiko solairuko armazoi
-itxitura tradizionala erakusten dituztenak.
Aranbarrena baserri-etxea
Aranbarrena baserri-etxea (Arane,
Gernika-Lumo). XVI. mendeko lehen zatiko
baserri-etxearen armazoia eta zutabeen
egitura oso argi erakusten ditu fatxadaren
planoan. Bestalde, zaharberritze ugari jasan ditu.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.