Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Ibai errotak

Errotaolea errota edo, Olatxu Errota ere, Morgako Ola auzoan dago.

Eraikinak ia egitura osoa mantentzen du, errota-instalazioak gaur egun erabiltzen ez diren arren. Barruan, aipaturiko errotak hiu errotarri-bikote zituen, artoa eihotzeko batez ere. Oso ezaguna zen eskualde osoan kalitate handiko irina egiten zuelako.

Instalazioak, gaur egun, eraikinaren beheko solairuan daude. Antepararen atzealdea eta gorago kokaturiko Errotatxu errotatik zetorren erreka diraute.

Landaguneko hirigintza-lerro tradizionalekin apurtu egiten duen eraikina da. Izan ere, bloke kubikoa da, teilatuak lau isurialde ditu, asimetrikoa da eta ez du ataririk. Hiru altuera gehi ganbara ditu bao desberdinez osaturiko kale-kopuru berdinetan bananduta. Sarbidea oso sinplea da, ateburuduna, 1868ko data idatzirik duena, eta bere aldamenean neurri handiagoko bigarren sarbidea du garaua garraiatzen zuten gurdiak sar zitezen. Eraikin-mota honen oinarrizko ezaugarri estetikoekin jarraituta esan behar da fatxadako baoak inguratzen moldura iztukatuak dituen apaindura arina dagoen bitartean ertzeetako harlanduak oso ondo landuta daudela. Ateburudun sarreran, harlanduak nabarmendu egiten dira arinki zuritutako eraikinean. Horrek baserritartasun handiago ematen dio eta litekeena da aurreko eraikinaren aztarna izatea.

1746an, Meakaurgo errota lehendabizi aipatuta agertzen da, izen bereko olaren ondoan, alegia.

XIX. mendearen erdialdean, Errotaolea errotaren aipamena egiten da.

Antepara
Errotaolea errota (Ola, Morga).
Argazkian, bere aldapara ikus daiteke.

Gaur egun ez du funtzionatzen.

Baliteke bere instalazioek antzinako burdinola baten azpiegitura hartu izana. Egun, berrerabilpen horren testigantzarik ez dagoen arren, eraikuntza-data (eraikinean sartzeko ateburuan 1868ko data jarrita dago) eta auzotarrek baieztatzen dutenez tokian burdinaren hondarrak agertzeak instalazio industrial hau Meakaurolea moduan ezaguna zen antzinako burdinolarekin bat datorrela pentsatzeko aukera ematen du.

Morgako aktibitate siderurgikoa instalakuntza bakar batera mugatu zen, Meakaur edo Duo deituriko burdinolara hain zuzen ere. Halere, agian, gaur egun aztarnarik utzi ez duten beste gune txikiago batzuk egon zitezkeen lanean XVI. mendean zehar, sektoreak, garai hartan, garrantzi handia izan zuelako. Horren adibide Ibaizabal burdinolarena izan daiteke. 1561eko dokumentu judizial bakar batean aipatzen da, Domingo Garay, Bilboko auzo-laguna, Morgako Pedro eta Martin Ibaizabalekin, izen bereko baserri eta burdinolaren jabeekin, auzietan zebilen-eta. Arrazoia 12 dukat eta erdi ziren. Geroago, Gonzalo Rotaeta deitutako beste auzotar batek bi Morgatar horiekin zuen zorra kitatzeko Bilbokoari ordaindu zion diru-kantitate hori.

Egia izateko aukera handia duen aurreko kasua alde batera utzirik, esan behar da Meakaur burdinola 1663. urtean –besteekin gertatu ez bezala, ez zen eraiki Behe Erdi Aroko garaietan, XVII. mendeko krisiaren gune berean baizik- eraiki zenetik Morgako aktibitate siderurgikoak zentralizatu zituela. Sortzailea udalerrian oso ezaguna zen Juan Saez Duo ikazkina izan zen eta Morgako udalaren laguntza izan zuen horretarako. XVII. mendean zehar oso momentu zehatzetan agertu izan zen Morgako udala Meakaurolea burdinolaren alde egiten: lehena, 1669an, eraiki zenean; bigarrena, 1682an, instalakuntza horiek krisiaren eragin gogorrak ezin izan zituenean jasan, eta, hirugarrena, 1686an eta 1687an, burdinola konpondu eta berriz martxan jartzeko, baina saiakera ustela gertatu eta berriz ere itxi behar izan zuten hurrengo mendearen hasieraraino.

1704tik aurrera, Meakaurolea burdinolaren ekoizpena sendotu egin zen Bilboko olagizona zen Domingo Zornozaren eskutik, era berean Errigoitioleako burdinolaren administratzaile zenaren eskutik alegia. Harrezkero, Morgako udalaren parte hartzea ez zuen behar izan.

Meakaurolea burdinola nagusia izan zen.

1810eko Lurralde-Estatistikan bildutakoaren arabera, jabea Madrilen bizi zen On Feliciano Bringas zen eta administratzailea On Jose Agustin Duñabeitia zen.

Atzealdea
Errotaren atzealdea. Sarrerako atearen
ateburuan 1868ko data irakur daiteke.

1778an, Meakauroleak bere ekoizpenaren desegonkortasunaren berri eman zuen. Aurreko bi urteetan, gutxienez, bertan behera utzita egoteagatik erakusten zuen egoeratik atera eta berriz martxan jartzeko egin beharreko lan garrantzitsuak aipatzen dira.

Burdinola honetan egindako lanen azken albistea 1819an, Sondikan, Uribeko Merindadeko olagizonek deitutako bileran On Joseph Agustin Duñabeitiak parte hartzearena da.

1847an, Madozek, bere Diccionario Geográfico deiturikoan egindako aipamen arinagatik bakarrik dakigu ez zuela martxan jarraitzen.

1880an, Aldundiak aurkezturiko komunikazio baten aurrean emandako erantzunagatik badakigu burdinola honen behin betiko itxiera baieztatu zela.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.