Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra » Harresiak

Gaur egun, ez dago Errigoitiko harresiaren inolako arrastorik, baina dokumentazio historikoak Errigoitik bere harresi propioa izan zuen dio.

Lehendabizi gogoratu behar dugu bandoen arazoa (XIII. mende amaieratik XV. mende azkeneraino) Errigoitin ere izan zuela eragina. Izan ere, Gernika eta Busturialdean, oinaztarren bandoan kokaturik zeuden Muxikatarrak ziren nagusi eta, Errigoiti, nola ez, bando honetako borrokakidea zen.

norakoagatik gauzatu zen Errigoitin, “Pedro I. Krudela”-ren denboratan (1350. urtetik 1369. urtera arteko erregea izan zenaren aldian hain zuzen ere) erre zuten, "bertan mendi haietako gaizkile guztiak batzen zirelako".

Era honetan, bada, argi ikusi dezakegu zelan nekazari batzuk, ekonomi egoerak eurekiko gero eta larriagorako bidea hartzen zuela nabarituz, beste diru-sarrera iturri batzuk bilatzen zuten, bandolerismoa adibidez. Bandolerismo hau, zeozelan, bandoen sistemaren barruan aurki dezakegu, nekazal-noblezia bere hegemonia mantentzeko gaizkile honetaz baliatzen zen eta.

Egoera gatazkatsu honetan, nobleziaren nekazari eta hirienganako zapalkuntza nobleen arteko borrokekin nahastatzen zen, abagune aldakorra sortaraziz eta, ondorioz, nobleziaren aurkako jarrerak indartuz. Nekazariek jaunarengana eramango dituzte euren kexak, hiribildua irasteko eskatuz, hau da, nekazal-nobleziaren jauntxokeriarengandik babesteko harresiz inguratutako tokia.

Bizkaiko Jauna zen Don Juan Infanteak, Bandoen etengabeko gehiegikeria honengatik eta bere morroiek eskatuta Errigoitiko hiribilduari iraspen-legeberezi edo herri-gutuna eman zion 1376.eko abuztuaren 1ean. Lege berezi hau Don Juan berak berretsi zuen, Gaztelako errege bezala, 1379.eko abuztuaren 26an.

Errigoitiri emandako herri-gutunak baieztatuko luke hesia izan zuela, zeren eta Hiribilduek, inguruko Lur Lauarekin alderatuta, abantaila hobeak zituzten sakabanaturik zegoen biztanleria erakartzeko. Abantaila fiskalekin batera hesi edo harresia eraikitzeko aukera zuten hiria biltzeko. Lehen hiribilduaren iraspenetan ez zen hesiak egiteko moduaz ezer aipatzen, iraspenaren helburua salerosketa garatzea zen eta. Hala eta guztiz ere Errigoitiko azken hiribilduaren Herri-Gutunean “arartekoak” izendatu ziren, eta hauek erabakiko zuten zein izango zen hesiaren neurria bai zabaleran eta bai altueran ere. Hesi hauek eraikitzeak gero eta garrantzi handiagoa izango zuen, bandoen erasoei aurre egiteko beharrezkoak izango ziren eta.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.