Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Ereñozarreko San Migel ermita Ereñozar mendiaren gailurrean kokatuta dago eta bertatik Urdaibaiko itsasadarraren ikuspegi ederra dago.

Oin-plano errektangeluarra (11,25 x 7,30 m) duen eraikin txikia da. Ekialde-Mendebalde orientatuta dago. Harlangaitzezko hormak eta harlanduzko ertzak ditu. Oinean eta Epistolaren alboan arkupe itxia du. Bertan, beheko sua eta harrizko jesarleku luzeak daude. Eraikina errematatzen duen kanpai-horma harlandu modernoz eginda dago. Bertan bao bat zabaltzen da eta hor kanpaia dago kokatuta.

Kanpo-aldea
Kanpo-aldea.

Barnealdean, baselizaren mendebaldeko ateburudun atetik sartutakoan zementuzko zorua eta neurri txikiko eraikina dela ohartuko gara. Leku honetan hareharrizko harlandua gordetzen da. Bere estetika, arkaikoa izan arren –zerra hortzez inguratutako otoizgile baldarra- Erdi Aroko egitura dirudi. Bere ondoan, hilobi monolitikoa gordetzen da. Kanpoaldetik oin-plano trapezoidala du eta barne-alde hutsak forma antropomorfoa du. Buru-aldea eta gorputza lepo zuzen eta simetrikoen antza duen zabalguneak bereizten du. X eta XII mendeen artean data daiteke. Hau ez da inguruko hilobi bakarra, tradizioak dioenez baselizaren alboan beste hilobi batzuk daude.

Barnealdean San Migelen irudia gordetzen da.

Bere artapen-egoera ona da. 1982an, "Ereñozarreko San Migelen Lagunen Anaidia"-k eraberritu zuen.

Iturrizaren arabera baseliza hau antzinako parrokia izan zen: "la qual fundada en el siglo décimo por los Labradores Censuarios de los Señores de Vizcaya en el pináculo de Hereñozaar, fue trasladada al paraje donde existe". Gaur egungo Ereñoko San Migel parrokiari egiten dio aipamena.

Tenpluaren izenari erreparatuz fundazioa berriagoa izan zitekeen eta San Migeli egiten zaion debozioa Santxo III Handiaren eraginez Bizkaian zehar zabalduko zen. Izan ere, 1707an, Aralarko monastegia fundatu zuenean Iruñako monarkiaren babesle bihurtu zuen goiaingerua.

Barnea
Barnea.

Bizkaian, Europa osoan bezala, 1000. urtera aldera eliza ugari eraiki ziren ekimen erlijiosoak aurrera eramateko, baina baita baserri-komunitateetan batzeko ere. Sarritan, eliza hauek populatutako eremuaren mutur batean eraiki baziren ere, beti ez zen horrela egin. San Migelen kasuan, adibidez, ez, haizeen eraginpean, inolako babes naturalik gabeko lekuan kokatu zen. Gainera, ez da asentamendua ezartzeko gune aproposa; are gutxiago, lekuaren azalera txikia kontuan hartuta. Santuari zaion debozioan oinarrituta Ereñoko, Nabarnizko eta Gautegiz Arteagako elizateak Erdia Aroaren amaieran sendotu arte, bere inguruko jendearentzat erreferente garrantzitsua izango zen; izan ere, abeltzaintza oinarri duten gizarteetan mendiak bere magaletako populazioa elkartzen zuen.

Herri-tradizioaren arabera baselizaren inguruan hilobiak daude. Tradizio hau, Iturrizak, XVIII. mendearen amaieran, eta Barandiaranek XX. mendearen lehen herenean jaso zituen.

Iturrizaren arabera, baseliza inguratzen duen zirkunferentzian "existen los bestigios de vna fortaleza, ó Castillo que no pudieron conquistar los Reyes Dn. Alonso vndecimo, y Dn. Pedro el Justiciero que vinieron a Vizcaya contra sus señores Dn. Juan Núñez de Lara y el Conde Dn. Tello como relatan el Capítulo 137 de la Coronica de dho. Rey Dn. Alonso, y las Coronicas de Vizcaya escritas el año de 1404".

Hilobia
Hilobia.

2008an eta Mikel Neirak zuzenduta San Migel baselizaren inguruan indusketak egin ziren. Erdi Aroko gaztelu baten eta gaur egungo baselizaren aurretik zegoen elizarekin erlazionatutako Erdi Aroko nekropoliaren aztarnak aurkitu ziren. Oraindik, Eliza honekin lotutako egiturarik ez da aurkitu. Egindako ikerketekin nekropoli honen fase desberdinak zehaztu ahal dira. Horrela, hiru ehorzketa-fase daude: X. mendekoa, ehorzketa ugariko XIV. mendekoa eta, gaur egungo baseliza eraiki orduko azken ehorzketak, XV eta XVI. mendekoak. 2008. urtetik ona 90 indibiduo baino gehiago atera dira. Nagusiak zein umeak nitxo bikoitzetan egon dira. Era berean, hainbat material berreskuratu da: gezien puntak, lantzak, ezpatak, eraztunak, brontzezko eta letoizko belarriak, eta baita jolaserako dadoak ere. Ereñozarreko nekropoli honetan Bizkaian gutxitan aipatzen diren patada-gurutzea duten bi hilarri aurkitu dira.

1978ko martxoaren 23an, Eguen Santu egunean, leherkaria jarri eta ermita suntsituta geratu zen. 1982an berritu dute berriro.

1970. urtean Ereñozarreko San Migelen Lagunen Anaidia sortu zen.

Ermitatiko ikuspegia
Ermitatiko ikuspegia.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.