Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Bermeoko San Frantzisko komentua eta klaustroa elizak, klaustroak eta egoitzak osaturiko multzoa da, hiribilduko harresietatik kanpo oso goiz finkatu zena.

Eskeko ordenek, hala nola, San Frantziskorenak, beren komentu-eraikinak ahalik eta hiribilduetatik hurbilen eraiki dituzte, hiribilduetara biltzen baita jenderik gehiena. Harresietatik kanpo egin ziren. Izan ere, frantziskotarrak Bermeora heldu zirenean, ez zen herri barruan komentu-eraikin konplexuak hartzeko gai zen oruberik geratzen. Eraikinok leku zabalak behar zituzten. Guztiarekin ere, hiribildura sartzeko garrantzizko topaguneak baitira. Horrela, San Frantzisko komentua Erdi Aroko esparruaren inguruan zeuden eta esparru hori defendatzen zuten horma garaien aurrean eraiki zen, hiribildura sartzekoa zen zazpi portaleetako baten aurre-aurrean alegia. Portale horrek geroago komentuaren izena hartu zuen. Portale horrek burdinolak eta ontziolak instalatu ziren aldera jotzen zuen.

Klaustroa
Klaustroa.

Bizkaian dakigula agirietan dugun sortzapenik goiztiarreneko komentua da. Tello konde jaunak eta beraren emaztea zen Juana Lara andreak sortu zuten, Bizkaiko jaun-andreek, 1357ko urtarrilaren 30ean. Ordura arte Albonigako Andre Maria monasterioarenak izandako ondasun, lur, etxe eta hamarrenez hornitu zen.

Komentuko obrak egiteko laguntza eman zuten ongileak asko izan ziren. Horrela, Joan Saez Gerrikaitz aipatuko dugu, zeinek 1942an ordaindu baitzuen kapera nagusiaren eta beheko klaustroaren hiru laurdenen burutzapena. Laugarren aldea Joan Martínez Zaldibarrek ordaindu zuen. Biok elizako hilobia erreserbatu zuten berentzat. Geroxeago, Joan Alonso Butroe eta Muxikakoak eliza eraikitzeko 600 urrezko dukateko dohaina eman zuen, kapera nagusiko hilobirako eskubidea zuen ugazaba egin zelarik. Obra XVI. mendearen bukaera aldean bukatu zen, baina kanpandorrea ez zen 1607ra arte ordaindu.

Sartzeko enparantza
Sartzeko enparantza.

Komentuaren gorabeherak, azken mendeetakoak, asko dira, gerren, desamortizazioen eta abarren ondorioz. Horrela, 1812ko ekainaren 24an ingelesek su eman zioten. Suak elizaren nabea, fatxada eta logelak hartu zituen. 1842an erabaki zen gelak eraistea, lekua koartel bezala erabiltzeko. 1843an errematera atera ziren obrak, hura kartzela bezala egokitzeko. 1859an komentua itsasoz bestaldeko misioetarako ikastetxe bezala zebilen. 1870eko abenduaren 14an eskola finkatu zen lehenengo solairuan. 1886an behe solairuan errege-pisua finkatu zen, eta udal epaitegia. Azkenik, 1928ko martxoan udal merkatua komentuko klaustrora aldatu zen, eta oso aldarazi zen haren irudia, 1994ko zaharberrikuntzara arte.

San Frantzisko komentutik egun oraindik diraute elizaren eraikinak, klaustroak eta erabat eraldaturiko komentuaren eraikina izandakoaren zati batek.

Oin-planoa
SOin-planoa.

Eliza, Errege Katolikoen erako estilo gotikoan XVI. mendean eraikia, nabe angeluzuzen bakarrekoa da, gurutzeria-gangaz estalitako zazpi tarte eta abside poligonala dituelarik. Landarez apainduriko ataripeko sarbidea du. Nabea argiztatzea ahalbidetzen duten hormetako baoak arku zorrotzetan bereizita daude. Inguruko hormetan babestutako alboko kaperak ditu eliza honek. Hegoaldeko bi kapera arku zorrotzaren pean irekitzen dira, eta hirugarrena bolaz apainduriko erdi-puntuko arkuaren pean. Berau gakoetan pasioaren ikurrak dituen ganga konplexuaz estalita dago. Iparraldekoek erdi-puntuko arkuko, arku zorrotzeko eta karpaneleko sarbideak dituzte, hurrenez hurren.

Tenpluaren ardatzaren parean komentu-eraikina dago, bere klaustro bikain eta handiari datxekiona. Hura da, zalantzarik gabe, multzo osoaren elementurik nabarmenena. Hareharrizko harri landuzko lana da, 14 metroko albokera duen eta 3,85na metro sakon diren galeriak alboan dituen laukizuzena zehazten duena. Galeria horiek erdiko patiora sortakako pilareen gainean molduraturiko arku zehatzen bitartez irekitzen dira. Haiek arkuen barrualderantz hiruna zutabetxo eta patiorantz bina edo hiruna arku agertzen dute. Kapitelak zilindrikoak dira, taulamenduko zerrenda korrituak lotuak. Harroinak, kopuruz zortzi edo sei direnak, plinto korrituaren gaineko sekzio oktogonalak ditugu.

Kanpoaldea
Kanpoaldea.

Arku eskartzano zabalak, klaustroaren lau izkinetakoak, irudidun motiboz apaindutako mentsuletan bermaturik daude: fraide otoizka ari dena, alboan bi kantari dituen fraide musikaria, fraide predikatzailea eta hiru monje. Haiek ez daude gangaz estalirik, barrurako eta kanporako mentsuletan bermatuta dauden eta zapaltzen diren pisuei eusten dieten habeen bitartez baizik.

Lan hau XV. mendearen bigarren erdialdean sartu ahal da. Euskal Herri atlantikoan kontserbatzen den klaustro urrietariko zaharrena dateke nonbait.

Mentsula apaindua
Mentsula apaindua.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.