Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

San Joan Bataiatzailea eta San Lorentzoren baseliza Mendatako Lamikiz auzoan dago.

Oinplano angelu zuzena (12,35 x 7,40 m) du. Harlangaitzezko hormak eta harlanduzko ertzak ditu. Bi isurialdeko teilatua du, habe batek eusten duena. Honen egurrezko oinak harlanduzko hormaoinak dute sostengu legez. Ez du kanpai-hormarik. Elizpe honen azpian sarrerako atea dago, ateburua duena.

Barrualdean, nabe bakarra du, ganga-formarik bakoa. Bertan San Joan Bataiatzailearen eta San Lorentzoren irudiak daude. Hegoaldeko leiho prerromanikoa nabarmendu behar da. Argi luze bikoa, eta erdi-puntadun arkuarekin, mainel baten bidez bananduta. Inskripzioa dago bertan, tenplua eraiki izana ospatzeko, letra larri idatzita. Alfabetiko bisigotiko-mozaraberaren eragina du. XI. mende ingurukoa izango da.

San Joanen eta San Lorentzoren baselizak

San Joanen eta San Lorentzoren baselizak (ezkerra) XI. mendeko leihoa du (eskuma). Leiho honek argi luze bi ditu, eta erdi-puntadun arkuarekin, mainel baten bidez bananduta daude. Bere osaera-eskeman oinarrituta Bizkaiko lurraldeko beste pieza batzuekin erlaziona daiteke; hain zuzen ere, tradizio tardo-mozarabedun estetikadunekin. Tenplua eraiki zeneko eguna gogoratzen duen inskripzioa izatean datza bere orijinaltasuna. Testua, ez dago oso landuta eta moduluen alternantziaz eginda dago. Letra larriz idatzita dago eta alfabeto bisigotiko-mozaraberaren eragina erakusten du, batez ere "T"aren erabilpenean. Bere formularioa oso soila da: "SANCZIUS HABAS" testuarekin hasten da eta leihoaren bular-aurrean dago; eskumako janban "QUI / HECDIFICABIT HAC" oharra dago. Epigrafearen amaieran dagoen adjektibo laburtu honek substantibo baten laguntza eskatzen du eta "(ecclesiam)" izan daiteke. Ezaugarri fonetikoetan, epigrafikoetan eta estilistikoetan oinarrituta baoa XI. mendekoa izan daiteke.

Oso egoera onean dago. 1983an teila berria jarri zitzaion eta XX. mendearen amaieran eraberritu zen.

Labayruk 1641-1642ko bere kronikan badio Elosuako San Lorentzoko eta Besantxako San Joaneko baselizekin ermita hau eraiki zela Lamikiz auzoan.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.