Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

San Andres eliza hegoaldera orientaturiko hegian dago. Hegi hori malda nabarmenekoa da. Hura Elantxobeko arrantza-portua Elexaldeko erdiko gunetik bereizten duten kostaldeko mendixkek itsasoko haizeetatik babestuta dago. Erdiko gune horretan elkartzen ziren Ibarrangeluko nekazariak.

San Andres eliza
San Andres eliza.

Eraikina

Eliza hau XVI. mendeko eraikina da, osorik desagertutako Erdi Aroko eliza bat zegoen bere leku berean eraikita. Eliza horren nagusiak Arteagatar eta Zubietatar oinetxeetako jaun-andreak izan ziren 1325az geroztik. Beraiek apaizak izendatu eta auzotarrengandik harremanak jasotzen zituzten. Beste ordainketa batzuen artean Elantxobeko senaiatik ehizatutako balea guztien mihia beti gordetzen zuen eliza beretzat, eta hura salduz atera zenaz ordaindu ahal izan zen hura berriz eraikitzea.

Tenpluaren barrualdea
Tenpluaren barrualdea.

Egungo eraikina nabe luze eta zabal bakarreko eliza da. Haren luzera zabaleraren bikoitza da. Ez du mendebaldean eraikitako koru gorenaren tribunak beste barne konpartimentaziorik. Harlandu errenazentista oneko hormaz eraikita dago. Horma horiek haren garaieraren bi herenak estaltzen dituzte. Harri-hormak diren paramentuek osatzen dute estaldura. Berauek ganga mailari dagokion tartean daude.

Oin-planoa
Oin-planoa.

Eliza 1922an egin eta Jesusen Bihotz Sakratuaren eskulturak (1945) erremataturiko dorreak eta beraren alde bi estaltzen dituen atariak estalita agertzen da. Elizaren atari honetara irekitzen dira tenpluko sarrerako bi ateak: oinetakoa, 1720 inguruko barrokoa dena, eta hegoaldekoa, 1520 inguruko dobela luzeetako arku zorrotza zatekeena baina egun ateburu faltsuan berriro landuta dagoena. Iparraldeko fatxadan (egun ezin da sartu) egon zen beste atari estali bat ere, eta antzeko sarrera-arkua ikus daiteke, galdu dena.

Ibarrangeluko San Andres eliza ia paregabea da bere generoan. Izan ere, aparteko barne-ganga du. Nabearen gainaldea haritz-zurezko teilatu erraldoi polikromatua da, hamabost ganga izartsu itxuratzen dituzten zurezko nerbio, gako eta arkuen bitartez egituratua.

Gangako xehetasuna
Gangako xehetasuna.

Arotzi egitura handi hau hormen barruko aldeari atxikitako zutoin bikoteen gaineko zurezko lau diafragma-arkuren gainean oinarrituta dago.

San Andres elizako gangek XVI. mendearen hasieran erresumako eliza eta katedraletik onenetan modan zeuden beranduko gotikoko harrizko nerbaduraren diseinu konplikatuak zurean dakartzate. Ez dira ezagupenik gabeko landa-artisauek egindako erreplika landugabeak. Lan hori bere garaiko arkitektura oso ondo ezagutzen zuen maisu eraikitzaileak diseinatu zuen. Kalkulu eta harmoniazko proportzioen sistema zaila erabili zuen bere garaiko gusturik zorrotzena betetzeko gai izango zen eraikina sortzeko. Alabaina, kostu txikikoa zen eta inguruan errazki eskura zitekeen materiala erabili zuen. Herbeheretan eta Frantziako iparraldean bakarrik ziren zurezko gurutzeria-gangok ohikoak. Nonbait, eskualde horietan ohiko harremanak zituztela medio, euskal itsasgizonek eta merkatariek hangoek sorturikoak imitatu zituzten. Baina beste ezein lukutan ezin da Ibarrangelukoaren neurriko zurezko gangarik aurkitu.

Ganga
Ganga.

San Andres elizako teilatua 1559an bukatu zen. Data hori gangako hainbat tokitan banatutako kartela askotan pintaturik agertzen da. Tenperako pintura egituraren akaberaren funtsezko elementua izan zen. Harria imitatzeko begi-engainua osatzeko beharrezkoa zen, sabaian hargintza despieze faltsua simulatzean. Era berean, pintura hori garrantzizkoa izan zen elizaren erlijio-edukiko apaindura osatzeko.

Presbiterioa osatzen duten hiru gangak, Santiagori, San Andresi eta Andre Mariari eskainiak, hurrenez hurren, pintura-alderdian jori eta askotarikoak dira. Apostolutzaren eta kristauen Erdi Aroko tradizioaren irudiak italiar irudi manieristen aparteko errepertorioarekin nahasirik agertzen dira gangotan. Irudi manieristen artean puttiak, atlanteak, mozorroak, kurriloak, gruteskoak, kalaberak eta abar daude, Maitasunaren, Ospearen, Herioaren eta Harrokeriaren alegoria osatzen dutenak.

Era berean, gangari eusten dioten diafragma-arku handien anjutetan agertzen dira gris, zuri eta beltzez pintaturiko eszenak. Beraietan, Deikundearen, ebanjelarien eta Santa Barbararen, Santa Luziaren eta beste done batzuen irudiekin batera, honakook ikus daitezke: gizon groteskoak, mozorroak, zutoihalak, zaldunak, munstroak eta Santiago apostoluaren Clavijoko batailako eszena bat.

San Andres elizak ez zuen harrizko gangarik. Hori zela eta, kanpoko horma-bularrik gabe eraiki zen, horrelakorik behar ez zelakoan. Baina oinen horma 1643an okertzen hasi zen eta berriz eraiki behar izan zen. Eta malda handiagoa zuen Hegoaldeko aldearen zati handi bat 1715ean ostikoz indartu behar izan zen, horma lodiagotu behar izan zelarik. Hortaz, alde horretako gangak partzialki mutilaturik geratu ziren.

Arku formeroak
Arku formeroak.

Altzariak

San Andres elizako altzariak antzinatasun eta kalitate ezberdinekoak dira. Rococo estiloko erretaula nagusia nabarmentzen da, salomondar zutabeetako arkitektura duena, ureztatzen 1792an bukatu zen eta hainbat jatorriko irudiz beteta dagoena. Irudion artean XIV. mendeko Andra Mari gotikoa dago

Balio handikoa da Errosarioko Ama Birjinaren rococo estiloko erretaila ere, Domingo Lasa maisuak 1780an egindako lana. Gainerako erretaulak modernoak dira.

Erretaula nagusia
Erretaula nagusia.

Informazio gehiagorako

Foru Aldundia, Kultura Saila. Eraberrikuntza Bilduma 3. zbkia, 1999, Bilbo.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.