Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra » Dorretxeak

Ertzila Dorretxea (Bermeo)

Bermeok hiribilduaren estatusa XIII. mendean jaso zuen. Garai hartan bertako portua Jaurerriko portu nagusia izan zen, Gaztelako merkatariek bere produktuak Europako iparralderantz ateratzeko erabilia. Antza Hiribilduan egondako hogeita hamar bat dorretxetik Ertzila dorretxea bakarrik geratzen zaigu gaur egun.

Dorre hau Ertzilatarrena izan zen. Jatorri gipuzkoarrekoa izan zitekeen familia hau Arteagatarren leinuaren bitartez finkatu zen Bizkaian, Bermeon. Leinu honetakoak izan ziren besteak beste, Fortun Gartzia Ertzila Nafarroako epaile gorena, Karlos enperadorearen kontseilaria eta Felipe beraren semearen irakaslea, eta Alonso Ertzila beraren semea, La Araucana poema epiko ospetsuaren egilea.

Dorretxea
Dorretxea

Ertzila dorretxea salbuetsi zatekeen XV. mendearen bukaerako eraikina da. Defentsa-elementuak ditu, baina beraren ezaugarriek haren egoitzatasuna argiago erakusten dute. Dorrea hiribilduko harresibarruko leku estrategikoan dago, Bermeoko portu historikoa den portu txikiko labarraren gainean. Eraikina sei aldeko planta irregularrekoa da, fatxadak egungo Ertzila eta Torrontero kaleetarantz irekita dituena. Beraren gainaldeak sei hustubide-isurialde ditu. Eraikinaren inguruko zama-horma lodiek eraikinaren gotorlekutasuna agertzen dute. Beraien aparejua ezberdina da kasu bakoitzean: haien fatxada nagusia hareharri landu urri-urrikoa da; Torronterora ematen duena material berekoa da, irregular eta zakarragoa baina; eta bigarren mailakoak, patiora ematen duten edo atxikitako eraikinak dituztenak, harri-hormak dituztenak dira.

Dorretxe hau beheraturik bide dago, XVIII. mendeko testigantzek galeria zuen beste solairu bat izan zuela adierazten baitute. Egungo itxura oso bestelakoa da eta hark 1948an izan zuen berrikuntzarekin zerikusia du. Ez dakigun garaitik ordura arte dorretxean familia asko bizi izan ziren, haren erdiko solairuak banatzen zituztenak. Izan ere, behe solairuan ontziak hornitzeko biltegiak eta, are, tabernaren bat izan ziren, eta gainaldepekoan auzotarren gela.

Hirian kokatuta
Hirian kokatuta

1944an Ertzila dorrea Nazio-monumentu adierazi zen; eta 1947an Bizkaiko Aldundiak eskuratu zuen. Eraikinaren itxura orduan oso aldarazita zegoen. Leihoak burua zutela ageri ziren, baoen puntuerdiak itsutu zirelako. Barrualdea guztiz konpartimentuztaturik zegoen, hura auzotarren etxe bezala gaitu zelako. Jatorrizko itxura itzultzeko, Aldundiak zaharberritze-obrak prestatu zituen, Luis Maria Ganaren zuzendaritzapean, Torronterora ematen zuen atetzarraren eta leihoburudun baoen apuntamendua berreskuratu zuela. Eraikinaren goialdean almena multzoa ipini zen, fatxada nagusietan harburuek lotuta. Solairu guztiak hura auzotarren etxe bezala gaitzearen karizko zatiketa-elementuz gabetu ziren.

Ertzila dorretxeko fatxada nagusiak lerroka dauden zortzi bao ditu: behe solairukoak, bigarren solairukoak eta lehenengo solairuko albokoak. Lehenengo solairuko erdiko baoa lerratuxea da. Hark baditu bi gezileiho ere. Beheko eta lehengo solairuaren artean harburu lerroa ageri da, eta bigarren solairuko baoen artean soingaineko –zatiak ikus daitezke. Haren goialdean almena-lerroa dago, mutur bietan kubo eta garitoiz errematatuta dagoena.

Sarrerako atea
Sarrerako atea

Torronterora begirako fatxada angeluko hormatal bik osatuta dago. Berauetariko bat, eskuinekoa, eskailerari dagokio eta bertikalki lerrokatzen ditu hura argiztatzen duten asentubao biak. Beste hormatal bere eskuinaldean dorrerako egungo sarbidea du, egun zorrotza. Lehenengo solairuan, ia erdialdean, bao zorrotza irekitzen da, eta haren eskuineragoko aldean itsu-leihoa. Goiko soilairuan bao zorrotza bakarrik dago. Bi harburu lerro ikus daitezke, behe eta lehenengo solairuen artean eta lehenengo solairuaren eta bigarrenaren artean. Ertzilara begirako fatxada bezala, fatxada hori ere harburuek loturiko almenaz erremataturik dago.

Patiora sartzeko kalezuloko fatxadak ez du elementurik, eraikina atxikita ukan izanaren hondakinak bai baina. Patioko fatxadan, ordea, bao zorrotzen eta gezileihoen hondakin asko ikus daitezke. Iparmendebaldeko hormaren ezaugarriak ez dira ezezaguna etxea atxikita izateagatik. Baina barrualdea berritzeko azken obretan (1985) itsu-leihoa agertu zen bigarren solairuan.

Kanpoko xehetasuna
Kanpoko xehetasuna

Barrualdeak ez du goiko solairuko forjaren pisua kargatzen duten kareharrizko harri griseko lau zutabe poligonalak beste jatorrizko elementurik. Alboko eskailerak Torronterora ematen duen hormatal txikiaren eta ipar-ekialdeko hormaren arteko solairuak lotzen ditu.

Foru Aldundiak 1985ean obrak egin zituen, gainaldea konpontzeko eta Arrantzaleen Museorako barrualdeko lekuak aprobetxatzeko bereziki. 1994n eta 1995ean Ertzilako eta Torronteroko fatxadak zaharberritu zituen, beheko zokaloko harlandua berriro jarriz, harria sendotzeko tratamenduaren bitartez eta hura mekanikoki garbituz. Horrela, patina beltzezkak ematen zion zikinkeria ezabatu zuen. Ezaugarri hori data horren aurretiko irudietan ikus daiteke.

1948az geroztik Bermeoko hiri-aldean, portu zaharraren gainean, dagoen dorrearen barruan Arrantzaleen Museoa dago.

Bisitak asteartetik larunbatera (10:00etatik 13:30etara arte eta 16:00etatik 19:30etara arte) eta igandeetan (10:00etatik 13:30etara arte) egin daitezke. Astelehenetan eta jaiegunetan, itxita dago.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.