Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Ur-olak edo burdinolak

Muxikako Ibarruri auzoan kokatuta zegoen, Oka ibaiaren ertzean, lurralde honetako ibairik handienaren ertzean hain zuzen ere.

1591ko ondoko agiria dago: “Maria Aurtenetxea alargunak eta bere seme Juan Aurtenetxeak, Muxikako Ugarteko San Bizenteren elizateko auzotarrak biak, euren mandoetan Okako Aurtenolea burdinolako arragoetara Gernikako portu eta errenteritik hirurehun kintal burdinarri gordin ekarriko dutela agindu dute, hirurehun kintalok errenteriko pisuan pisatuko direla, eta ama-semeak ekarri beharrekoa aipatutako Fernandok burdinolan daukan pisuan pisaturik entregatu beharko dute”.

Aurreko dokumentuan aipatutako burdina-harria Somorrostrotik zekartzaten. Gernikako portuko errenteriatik eta Axangizko Udal Batzarrekotik garraiatzen zen burdinolaraino.

1614ean burdinola honen jabeek konponketak egitea erabaki zutenean egindako agirian bakoitzaren izena eta dagokion zatia agertzen da: “Rodrigo Perez Irazabal, Fernando Saez Oka, Joan Martinez Mugaguren eta Martin Agirre, Okako burdinolaren jabeak eta Gorozika, Muxika eta Lumoko elizateetako auzotarrak... Rodrigo Perez Irazabal, Oka beheko burdinola txikiaren zortziren baten jabea... Fernando Saez Oka, seiren baten jabea... Juan Martinez Mugaguren, Domingo Asua errentaria honen seirenean... Martin Agirre, Juan Perez Muxikaren errentaria honen seirenean...”

Garai horretan, beraz, jabetza pertsona ugariren artean banatzea erabaki zuten. Izan ere, burdinola bat jardunean ipintzea oso enpresa arriskutsua zen eta hasieran inbertsio handia eskatzen zuen. Arrazoi hori dela eta zenbait pertsonen dirua behar izaten ei zen burdinola lanean hasteko.

1619an burdinola honetan lan egiteko gabidun nagusia, iel bi eta beste ofizial bat kontratatu zituzten, eta kontratuaren bidez garaian ohi zen legez ekoitzitakoaren ehunekoa ematen zitzaiela jakin daiteke.

1723an burdinola honetarako behar zen iel maisu bati egindako idazki batean ondokoa dago ezarrita : “Eta aipartu dugun Joan Perez Izagirrek gau eta egun eten barik lan egin dezala, falta den kintal bakoitzeko bost arroa laurden kentzeko zigorpean, matxuraren bategaitik ez bada”.

1795ean jabea Pedro Balendin Mugartegi zen eta errentan zuen. Jabea elizatetik kanpora bizi zen eta gizarte-mailarik altuenean zegoen (1.500 errial baino gehiagoko errenta). Beraz, jabe hau ekonomiaren baliabide nagusiak bere eskuetan bildurik zituen: lurrak, mendiak, burdinolak eta errotak.

1795eko Propio eta Arielak deituriko agirian ikus daitekeenez errentariak “burdinolan ekoizten den kintal bakoitzeko zapi errial ordaintzen ditu”.

Aurtenolea ola, arestian esan dugunez, burdinola txikia zen.

XIX. gizaldiaren erdi aldera, Madozek ematen duen argibidearen arabera lanean ari zen burdinola hau, baina gainbeheran.

Ezin izan dugu kokatu.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.