Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila» Herri-arkitektura» Arrantzale-etxeak

Busturialdean Bermeo, Elantxobe, Mundaka eta Eako portu garrantzitsuak dauden arren, kontu handiz ibili behar dugu arrantzaleen arkitektura originala eta berezia lantzen dugunean. Lau herrien kaien inguruan dauden etxeak ez dira XVIII. mendearen azken laurdenekoak baino zaharragoak. Bestalde, barnealdeko herrietako etxeetatik gutxi bereizten dira. Euren berezitasuna, agian, herriaren antolaketa zailetik etor daiteke; izan ere, askotan badirudi bat-batean eta anarkikoki, aldez aurretiko inolako antolaketa-plangintzari jarraitu barik, eraiki direla. Edozein kasutan ere, ez da ahaztu behar fatxadetan gainjarrita dauden balkoien garapen itzela. Atal hau egokitzeko José Ángel Barrio Lozak eta beste batzuek idatzitako Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia lanean oinarritu gara.

Arrantzale-etxearen inguruan gutxienez galdera bi egin daitezke. Bata, XVIII. mendea baino lehenagoko arrantzale-etxe eredu espezifikorik ba ote zen. Bestea, arrantzaleak bizi diren gaur egungo etxeak nolakoak diren eta mota bereizia legez aztertzeko ba ote duten berezko nortasunik.

Lehen galderaren erantzuna desberdina da aztertutako portutik portura. Bermeon, antolatutako herria zenez eta hesiz inguratuta zegoenez bertako etxe guztiak eredu gotikoari jarraituta eraiki ziren. Lursail etxadiak estuak eta sakonak dira, horma bitarteko hesiz banatuta eta garapen bertikal handikoa. Etxebizitza hauetan, zalantza barik, arrantzaleak bizi daitezke eta behealdean lanbide horretako lan-tresnak gorde ditzakete; baina, errealitatean, artisauaren edo merkatariaren irudi sozialaren arabera daude diseinatuta.

Mundakako kai zaharra
Mundakako kai zaharraren inguruan
tipologia desberdineko eraikinak pilatuta
daude. Gehienak, XIX. mendekoak dira.
Behealdean tresnak gordetzeko
lekuagatik bakarrik jakin daiteke
bertan bizi direnen lanbidea zein den.

Litekeena da Ean, Mundakan eta Elantxoben kaiaren lehen lerroa lanabesak, sareak eta batelak gordetzeko txabola eta etxola ahulez beteta egotea. Arrantza garaian, arrantzaleak euren bizitokiak ziren baserrietatik hurbilduko ziren goizaldean. Beraz, beste auzokideekin alderatuta lanbidea izango zuketen desberdina eta ez etxebizitza. Aipatutakoa oso argi ikus daiteke Elantxoben, XVIII. mendera bitartean ez baitzen inolako gune egonkorrik sortu, Ibarrangelutik bereiztu zenean alegia.

Bermeoko portua
Bermeoko Portu Zaharrean oraindik
marinel-motako etxeak diraute. Horien
kokapen bereziagatik kaleen artean
sortzen ziren malda handiak
gainditzeko mailak eraiki ziren.
Horrela bada, aldats handiko maila
barandadunak nonahi ikus daitezke.

Arrantzaleek gaur egun bizitokitzat dituzten etxeen egiturari erreparatuz ezin dezakegu esan mota bakarra dagoenik. Ean eta Mundakan XIX. mendearen amaierako eraikinen alde egin zen. Ondoko ezaugarriak erakusten dituzte: garapen longitudinal handiko bloke uniformea, etzana, hiru solairukoa eta ura aurreko fatxadara isurtzen duen teilatua dute. Badirudi etxabeak lonja moduan erabiltzen zirela, nahiz eta Mundakan ez den batere arraroa ondoko arrantzale-etxeak ikustea:solairu biko tamaina txikiko etxea, azpian lonja eta balkoi bat edo gehiago gainjarrita dituen etxebizitzara heltzeko irristailua duena.

Mundakan, diru gutxiko pertsonek, arrantzaleek, sustatutako arkitekturaren adibide interesgarriak daude. Ez dira etxe handiak, baina euren itsas tresnak gordetzeko lonja dute etxabean. Batzuk duintasun apur bat badute. Horrelakoa da Portu eta Florentino Bustinza kaleen artean dagoen segmentua, badia alderantz daudenak hiru solairu gehi lonja dituztelarik. Balkoiak sostengatzen dituzten harrizko harburu prismatikoak, edota eurek burdinak, beha daitezke. Beste batzuk apalagoak dira. Hauek, orokorrean, bizitzeko egokia den solairura heltzeko irristailua duten bitartean beheko solairua arrantza-tresnak gordetzeko upeltegi moduan erabili ohi da. Batzuek sareak zintzilikatzeko sistemaren bat erakusten dute, balkoiak esaterako, baina ez da ohikoena Mundakan, beste tokietan bezain ohikoa ez behintzat. Era honetako etxeen artean Florentino Larrinaga kaleko 17a eta 19a, Kurtzioko 12. zenb., Karmengo 6. zenb., Sorkundeko 3. eta 8. zenb, eta abar, aipa daitezke, batzuk oso ondo eraberrituta daude eta.

Elantxobeko kai zaharra
Elantxoben beha daitekeen garapen
bertikalista bere kaleen malda handiak
eragindakoa da eta bi ezaugarrion
arrazoia arrantzaleek euren
etxebizitzeetatik portua eta
itsasontziak ikusteko beharra da.

Halere, Bermeon eta Elantxoben, euren kaleen aldats handiak eraginda eraikuntza bertikalistak garrantzi handia du. Etxeak garaiak eta estuak dira, kristaldun begiratokiak dituzten fatxada bertikalekoak, hiru bao-ardatz baino gehiagotan ez ordenatutakoak eta, gutxienez, lau solairukoak. Denek dute hurbiltasun kutsua, baina ez dago inolako elementu estrukturalik, ez kanpoan ez barnean, bertan bizi direnen lanbidea arrantza dela adierazten duenik; eta hau nabariagoa da Ean, bertan, zalantzazko etxe-sekuentziak (Jesus Kaleko 11-13-15 eta 17 zenbakiak, Kalebarriko 5-7-9-11. zenbakiak, eta abar) egon badaudelako, marinel-itxuraren ikutua dutenak bai, baina azken finean zalantzazkoak direnak. Zalantza gutxienekoetan patinak daude, azpian lanabesak gordetzeko lonjak dituztenak, eta hauetan guztietan bizitzeko espazio-eskasia nabarmena da, jabegoa solairutan banatuta baitute.

Eako Jesusen Kaleko 13 eta 15 zenbakidun eraikinak
Eako Jesusen Kaleko 13 eta 15
zenbakidun eraikinak.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.