Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra » Dorreak

Gaur ez daukagu dorretxe honen aztarnarik; dena dela, XX. mendearen lehenengo urteetan bazen Munitibarren dorretxe bat, auzoari izena eman ziona. XVIII. mendeko Jauregi barroko baten barruan zegoen (Ybarraren Torres de Vizcaya liburuan ikusi ditzakegu argazki batzuk).

Oinplano lauangeluar eta lau isurialdeko teilatudun (linterna txikia zuen) Jauregi honen kanpoaldeko fatxada horma zen; hormak zutabe toskaniarrak zituen atxikita eta zutabeok solairu bat eusten zuten. Fatxada irudi geometriko berdinez zegoen apainduta eta harrizko leiho bana zuen angeluetan, sortaldeko fatxadaren goiko aldea apainduz.

Eraikinari adi-adi erreparatu ezkero, antzeman daiteke horma hau gudarako dorre baten hesia izan dela, arku-ate zabala eta hiru gezilehio zuena sortaldera begira.

Barruko patioan, arku-atedun dorrea zegoen iparraldeko angeluan, goiko solairuan; dorrera patioan zegoen patinetik sartzen zen eta patinaren oinean horma zegoen, arma-patioa hesitik banatzen zuena. Hormak arku gotikoa zuen eta arkuaren gainean armarri txikia zegoen. Armarrian tenante bi daude, bi gizonezko, eta kaskoaren ordez zuhaitza, adarretan Arteagatarren armak zituena eskegita.

Harresiaren hormak 1,20 m lodi ziren eta, lehenago aipatutako gezileihoak ez ere, gehiago ere bazituen beste fatxadetan.

Dorretxea nahiko aldatuta zegoen: iparraldeko fatxadaren goialdean gezileiho bat zuen, bai eta burdina forjatuzko balkoi ederra ere. Beste fatxadek ere bazituzten gezilehioak eta errekara begira zegoen fatxada 14 m garai zen, besteak baino 4 m gehiago, kokalekuaren aldapa gainditu behar zuen-eta.

Jauregia eta dorretxea zeuden lekuan frontoia dago gaur egun.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.