Urdaibai Biosfera Erreserba » Argitalpenak

Gaia: Historia

Gautegiz Arteaga 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko Garaian.

azala

Javier Buces Cabello
Azala azal-hegalarekin eta orriak couché paperean – 203 orr.
Argazkiak zuri-beltzez eta kolorez
Testuak euskaraz eta gaztelaniaz
Gautegiz Arteaga, 2017
Prezioa: 15,00 €
Salmenta-puntuak: Gautegiz Arteagako Udaletxea

Gautegiz Arteagan ere giza eskubideen zapalketa eta errepresioa jasan behar izan zuen 1936 eta 1945 urteen artean; hala baieztatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Gautegiz Arteagako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiaren laguntzarekin, garai haietan gertatutakoa ikertu, eta horri buruzko liburua argitaratu du, herriko memoria historikoa berreskuratu eta gordetzeko. Duela hiru urte hasi zuten gai horri lotutako ibilbidea, Gautegiz Arteagan gerra eta Frankismoaren errepresioa nortzuk pairatu zuten argitzeko asmoz. Proiektuan, giza eskubideen defentsan funtsezkoak diren hiru ardatz hartu dituzte kontuan: egia, justizia eta erreparazioa. Egia hori ezagutzeko, hainbat artxibotan bilatu du informazio elkarteak: Udal Artxiboan, Bizkaiko Artxibo Probintzialean, Euskadiko Artxibo Historikoan eta espainiar estatuko zenbait artxibo militarretan. Argitalpena atal desberdinetan banatuta ageri da. Alkatearen agurraren ostean, Gautegiz Arteaga Bigarren Errepublikan aztertzen da. Antolaketa administratiboa, ekonomia, nekazaritza, egoera politikoa… lantzen dira. Hirugarren atalean, Gerra zibila hasi zenetik Gautegiz Arteaga erori arte aztertzen da. Bertan jasota datorrenez, Gautegiz Arteagako 87 herritar Euzko Gudarostean edo armada errepublikanoan erroldatu eta gerrara joan ziren. Horietatik zortzi, gainera, Euzko Gudarosteko miliziano erail zituzten. Beste hiru, ordea, lehenengo armada horretan borroka egin eta gero gudaroste altxatuan mobilizatuak izan ziren, ondoren hil zituzten arte. Gernika-Lumo bonbardaketen hil zituztenen artean, 6 gautegiz arteagarrak izan ziren. Horietako lau Gautegiz Arteagan bertan hil zituzten -Gernika-Lumon baino lehen bertan bota zituzten lehenengo bonbak- eta beste biak Gernika-Lumon. Laugarren atalean, errepresioa Gautegiz Arteagan eta arteagarren aurka Lehen Frankismoko Garaian lantzen da. Bertan, besteak beste irakur daitekeenez, Gautegiz Arteagako 46 bizilagun erbesteratu egin ziren, eta 87 gerran preso hartu zituzten; horietatik 43, militar frankistek prozesatu eta epaitu zituzten. Horien epaiketen nondik norakoak ere jaso dira. Baina zifrak bakarrik ez da jaso nahi izan. Horrela, bosgarren atalean, Gautegiz Arteagako 9 pertsonen lekukotasunak ere jaso dituzte. Azken horiengandik datuak, argazkiak, dokumentuak etabar eskuratu dituzte. Ikerketan hainbat bibliografia eta iturri erabili izan ditu Javier Buces Cabello ikertzaileak. Horiek guztiak argitalpenaren seigarren eta azken kapituluan jasota daude. Laburbilduz, herriko memoria historikoa berreskuratzeko eta gordetzeko funtsezko ikerketa eta argitalpena.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.