Urdaibai Biosfera Erreserba/Etnografía

Gure Ohiturak [aurkibidera joan]

1. KANDELERIO (Otsailak 2):

Hasteko esango dogu atal hau prestatuteko Gernika-Lumoko Udalak Gure Ohiturak izenagaz argitaraturiko lantxoan oinarritu gareala.

Jai honen berezitasuna kandelak bedeinkatzea da.

Egun honetan bedeinkatutako kandela hauek ekaitza zetorren bakoitzean piztu egiten ziren (dira) etxeetan, ekaitzen kontrako potere bereziak zituztela sinisten baitzen.

Egun honetan Eleizak Ama Birjinaren Garbikundea ospatzen du.

Zenbait tokitan egun hau izaten zen Ihauterien hasiera, bertatik aurrera marro jantziak eta eskabideak egitea onartuta zirelarik.

Kandelerio egunean ohitura zen ume koskorrak taldeka irtetzea, piztutako kandelak eskuan zirela, "kandelerio, lerio" abestia kantatzen.

Ohitura hau gure herrian galdutzat eman zitekeenean, berriro pizten ari da eta azken urteotan Kandelaria iluntzean berriz entzun daiteke gure kaleetan doinu zahar hau, eta berriz ikus dezakegu kandelen sua haurren aurpegiak argitzen.

KANDELERIO

Agur ba Dontzellia Kandelerio, lerio,
atxari ura dario,
sagarrari madari
eutsi Peru adarrari.
Euria dakar menditik
Ondarroaren gainetik,
eztaukat zapatarik
banoa Lekeitiotik.
Kandelerioz eguzki,
negua dago aurretik;
kandelerioz edurra,
joan da neguaren bildurra.

(Gernikako ume erronda-abesti herrikoia, Elai-Alai dantza taldeak zabaldutakoa)

Mendatako herrian, Idoia Mallea Lamikizek (Mendata gure geurea danontzat, Mendatako Udala, 2002) ondoko abestia bildu du:

KANDELERIYO

1
Kandeleriyo leriyo
atxari ura dariyo
errotieri urune
kandeleriyo egune

2
Kandeleriyo leriyo
atxari ura dariyo
sagarrari madari
eutsi Peru adarrari

3
Kandeleriyo leriyo
atxari ura dariyo
ama Gernikera
kipulek saltzen
aitte Lemoara
tanborra joten
Pedro kanteran
kantera joten
Nikolas etxien
morokille jaten

Idoia Mallea Lamikiz
Mendata gure gurea denontzat
Mendatako Udala, 2002

Bermeo eta Mundakako bizilagunek Demiku auzoan ospatzen dute Kandelerio. Eguerdiko 12:00etan auzoko jaiei txupinazoarekin hasiera eman ostean, meza nagusia izaten da eta bertan kandelak bedeinkatzen dituzte. Mezaren ostean, luntxa izaten da hango baselizaren alboko zelaietan. Kandelario eguna iturginen eguna ere badenez behar horretan aritzen direnak ere igotzen dira.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Contacta con nosotros: galtzagorriak@urdaibai.org

Patrocinadores: Gobierno Vasco, Ayuntamiento de Gernika-Lumo y Reserva de la Biosfera de Urdaibai.